Lightning_Dance
Iragandako erakusketa

Cecilia Bengolea. Ur-animazioak

2021.06.24 - 2021.10.24

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video aretoko programazioak konpromiso iraunkorra du mugimendudun irudia lantzen duten praktika artistikoekiko, arte bisual garaikideen testuinguruaren baitan.

Cecilia Bengolea (Buenos Aires, 1979) diziplina anitzetan diharduen artista da, bere jardunean bideoa, koreografia eta eskultura uztartzen dituena. Bere ikerketa-lanean, herri-dantzaren zenbait adierazpide aztertu eta elementu garaikideekin eta arkaikoekin konbinatzen ditu, eta hala, figurazio kontzeptuaren inguruko definizio berriak sortzen ditu etengabe. Erakusketak bere hiru pieza berri biltzen ditu, eta hirurek ere agerian uzten dute artistak bideo-eskulturari eskaintzen dion ikuspegi berezia; izan ere, erakusketa-espazioan askatasunez dabiltzan eragile gorpuzdunak balira bezala ulertzen ditu mugimendudun irudiak. Erakustaldiaren izenburuak animazioa aipatzen du, eta kontzeptu anbiguo horrek filmetako pertsonaien mugimendu naturalari egiten dio erreferentzia, baita antzinako ideia bati ere: artifiziala denari bizia ematea, bizigabea dena energiaz hornitzea. Bengolearen lanean, arima —gorputz baten espiritu edo bizi-hats gisa ulertua— estu-estu lotuta dago organismo bizidunek energia elektrikoaren eroale gisa duten ahalmenarekin; musika, aldiz, animazioaren indar kutsakor gisa agertzen da. Eraldatzeko, mutatzeko eta beste batzuk imitatzeko duten ahalmen agorrezina dela-eta, urarekin eta elementu horren plastikotasun amaigabearekin identifikatzen dira izaki bizidunak.


Tximista-dantza (2018) ekoizpen berria, Bengolearen beste proiektu asko bezala, artistak bertan agertzen direnekin izandako lankidetzan oinarritzen da, bereziki, dancehall munduko Craig Black Eagle eta Oshane Overload Shankaz artistekin. Jamaikako Bog Walk herrian filmatu eta Londresen ekoitzitako obrak izaera ikonikoa hartu du denbora gutxian, eta Vienako TBA21 eta Shanghaiko Tank bezalako bilduma garrantzitsuen parte da. Kanal bakarreko zuri-beltzeko bideo-proiekzio horrekin, egileak atmosferako elektrizitateak portaeran eta irudimenean duen eragina aztertzen du. Obra hori Bengolea Jamaika uharteko dancehall kulturaren inguruan osatzen ari den lan-sail batekoa da —kultura hori, hain zuzen, gaur egungo musika eta dantzaren azpigenero eta estilo herrikoi ugariren inspirazio-iturri den fenomeno global bihurtu da—. Tximista-dantza piezaren aurkezpen zirraragarriari bi animazio digital gehitzen zaizkio: Bestiarioa (2019) eta Posizio gogokoenak (2018). Jorge Luis Borgesen El libro de los seres imaginarios (“Alegiazko izakien liburua”, 1957) liburuko deskribapenetan inspirazio hartuta, Bestiarioan bere gorputza eskaneatu zuen artistak, eboluzionatu ahala izaki fantastiko sorta bat bilakatzeraino. Hala, hologrametakoen antzeko ikonografia erabilita, etengabeko metamorfosi-egoeran dagoen gorputz baten alegiazko transformazioak jartzen ditu agerian. Bestalde, Posizio gogokoenak lanak olagarroaren idiosinkrasia hartzen du abiapuntutzat, mugarik ez duen gorputz bat iradokitzeko: kreatura erabat likido eta guztiz sentikorra, adimen deszentralizatu eta aniztunaz hornitua, zeinaren mugimenduak aske dabiltzan barnearen eta kanpoaren, izakiaren eta ingurunearen artean.

Arte-arduraduna: Manuel Cirauqui

Cecilia Bengolea
Tximista-dantza (Lightning Dance), 2018
Bideo-proiekzioa zuri-beltzean, soinuduna, 6 min, 3 s
Eskaintza: artista eta Galería Àngels Barcelona
© Cecilia Bengolea

Partekatu