Gurutzaldia | Alexander Calder | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Calder. Grabitatea eta grazia

2003.03.18 - 2003.10.12

"Zergatik izan behar du arteak estatiko? Abstraktua den artelan bat begiratzen dugunean, dela eskultura dela pintura, planoek, esferek, nukleoek osaturiko eta esanahirik batere gabeko multzo zirraragarria ikusten dugu. Perfektua izanik ere, mugimendurik gabea da beti. Eskulturan eman beharreko hurrengo urratsa mugimendua da"
Alexander Calder, 1932

Bere karreran zehar, artearen indar zinetikoak lehentasunezko interesa izan zuen Alexander Calder-entzat. Abstrakzioaren mintzaira erabiliz, mugimendua atzeman zuen zenbait eskulturatan. Eskultura hauek, garai hartako eskulturari buruzko nozioekin alderatuz, muturreko alternatibak eskaintzen zituzten eta XX. mendeko artearen historian eragin sakona sorrarazi zuten. Bigarren solairuko aretoetan kokaturiko Alexander Calder-en erakusketak honek, artista berezi honen ikuspuntua aztertzen du, forma abstraktuari emaniko bost hamarkadatan zehar sortu dituen hirurogeita hamabost bat eskulturako aukeraketaren bidez. Erakusketak, Calder-i, bizitza gogora ekarriko zuen arte-mota sortzeko desioak eragin zion grabitatearen indarrarenganako, airearen zirkulazioarenganako eta zoriaren esku-hartzearenganako etengabeko kezka uzten du agerian.


Calder Filadelfian jaiotako bi artistaren semea izan zen eta bere formazio akademikoa ingeniaritza mekanikoa izan bazen ere, arterako zuen joera gailendu zitzaion aurrekoari. 1923. urtean New Yorkeko Are Students League delakoan sartu zen eta Ashcan Eskolako pintoreekin ikasi zuen, hala nola John Sloan-ekin eta George Lux-ekin. Irudiak egiteko zuen gaitasunari esker, irudigile-lana lortu zuen hurrengo urtean National Police Gazette izenekoan eta 1925. urtean egunkari honek berak Ringling Bros. and Barnum & Bailey zirku-ikuskizunetako ilustrazioak egiteko ardura eman zion. Bi asteko lan honek zirkuko gaienganako irrika piztu zuen berarengan eta horren ondorio izan zen, azkenerako, bere Calder Zirkua. Aipaturiko hau, performance bat zen eta bertan alanbrez sorturiko txotxongilo itxurako figurek hartzen zuten esku; artistak berak ere zeremonia-maisuarena, pistako nagusiarena nahiz titiriteroarena egiten zuen tarteka, betiere musika eta soinudun efektuak lagun zituela. Calder Zirkuak (Cirque Calder), Parisen izan zuen estreinaldia 1926. urtean, artista bertara aldatu zenean hain zuzen ere eta ondorengo urteetan ere izan zuen segida Atlantikoaren bi aldeetan. Calder-ek bestelako jarduerak egiten jarraitu bazuen ere, hots, pintura, marrazketa eta eskultura, performance hauek izan ziren Parisko abangoardiako zenbait kiderekin harremanetan jartzeko aukera eman ziotenak; horien artean aipatzekoak dira Le Corbusier, Fernand Léger, Joan Miró, Piet Mondrian eta Theo van Doesburg.

Calder-en estetikak aldaketa esanguratsua izan zuen 1930. urteko udazkenean Parisko Mondrian-en estudiora egin zuen lehen bisitaren ondoren. Artista holandarraren artelan soilak ikusi zituenean, Calder txunditurik gelditu zen forma haien indarra ikusita eta mugimenduan zihardutela irudikatu zituen bere buruan. Une hartatik aurrera, 1926. urtez geroztik egiten jardun zuen alanbrezko eskultura figuratiboak egiteari utzi eta guztiz abstraktua zen mintzaira eskultorikoa lantzen hasi zen. 1931. urtean, figurazio eza oinarri zuen eta talde sortu berria zen Abstraction-Création-eko partaide egin zen eta urte hartan bertan Percier Galeriako erakusketa batean "unibertsoak" izendatu zituen zenbait artelan abstraktu jarri zuen ikusgai. Alanbrez eta egurrez eginiko artelan hauek kosmosaren antolamendua ekartzen dute gogora. Gurutzaldia (Croisière), 1931 delakoan, berriz, hagatxo fin batzuek esfera itxurako bolumena delineatzen dute eta hauei alanbre bidez loturik egurrezko bola txikiak aurki daitezke. Metalaren malgutasunaren eraginez egurrezko bolek dar-dar egiten dute eta gisa honetan, eskulturak planeta-sistemaren etengabeko mugimendua ekartzen du gogora.

1931. urtean, Calder, beren artean independenteak ziren zati mugikorrak zituzten eskulturak eraikitzen hasi zen; motor elektrikoaren edota esku-biraderaren bidez aktibatzen zirenak. Marcel Duchamp-ek "mugikor" izena jarri zien. Frantsesez esanahi bikoitza duen hitz-joko honek, arrazoia ez ezik mugimendua ere hartzen du bere baitan. Calder-en kezka nagusia mugimendu autonomoari zegokiona zen. Dena den, 1932. urterako aireak baino aktibatzen ez zituen artelan zintzilikariak sortzen hasia zen. Gaur egun guztiz onarturiko molde artistikoa bada ere, Calder-en mugikorrak, lorpen abangoardista handitzat hartuak izan ziren garai hartan; aurretikako molde eskultoriko estatikoekin alderatuz arras bestelakoak baitziren. Calder-en lehen mugikorrak, alanbre bidez loturiko egurrezko zati zizelkatuek edota beirazko puskek osaturikoak dira. Zati edo puska hauek bere artean loturik dauden euskarri horizontaletatik egon ohi dira dilindan eta sabaitik zintzilikatu ohi dira. Ebanozko Konoa (Cône d'ébène), 1933 artelanean, esaterako, maila ezberdinetan zintzilikaturiko ebanozko zintzilikariak airearen eta grabitatearen arabera kulunkatzen dira eztiki.

Handik gutxira, gero eta landuagoak ziren bere egiturak osatzeko, industria-materialak erabiltzen hasi zen Calder; zenbaitetan okertu edota margotu egin ohi zituen metalezko pieza lauak gaineratuz. Egitura hauek, Miro-ren koadroetako figura biomorfo higikorren eta Jean Arp-en erliebe organikoen baliokide eskultorikoak dira. Mugikorra (Petaloen arkua)] [Movile (Arc of Petals), 1941] , moldeen inspirazio-iturri landaretza hartu zuen garaiko artelanetariko bat da. Artelan hau, margoturiko aluminiozko "petaloz" osaturiko ur-jauzi itxurakoa da; zenbait molde handi eta pisutsu, egituraren goiko aldean kulunkatzen dira poliki, bien bitartean, "kimu" txiki batzuk beherantz erortzen dira mugimenduan. Mugikorrak dituen diskoen dantzak eta biraketak, aipaturikoak mugimenduan jartzen dituen airearen ezaugarri ukiezinak ekartzen ditu gogora. Disko hauek inguruarekiko izan ohi dituzten erantzun ezustekoek, berriz, bizirik den izakia dakarkigute oroimenera. Calder-en hitzetan "Guztia ondo atera ohi denean, mugikorra, bizitzaren eta honen ezustekoen alaitasunaz baliaturik dantza egiten duen olerkia da".

Arp izan zen, Calder-en unibertso mugiezinei buruz ari zela "egonkorra" (estable) terminoa sortu zuena 1932. urtean. Nolanahi dela ere, Calder stabile delakoen moldea gorpuzten joan zen, eskuz margotzen eta batzuk besteekin angelu ezberdinetan lotzen zituen metalezko xaflak gehitu ahala. Piezak mugiezinak badira ere, stabile delakoaren hiru dimentsioko molde dinamikoak bere indar zinetikoa ematen du aditzera eta ikuslearen mugimendu fisikoa eskatzen du; artelana inguratu behar baitu ikusi ahal izateko. Calder-ek mugikorra eta stabile-a nahasiz hibridoa sortu zuen: standing mobile (zutik den mugikorra) izenekoa. Aipaturikoak oinarri finkoa dauka eta pieza mordoa du zintzilik libreki. Aluminiozko hostoak, zutoin gorria (Aluminum Leaves, Red Post) 1941 deritzan artelanean, adibidez, oinarri egonkorrak "hostoei" mugikortasun aparta ematen dien hagatxo irtenen sistema konplexua sostengatzen du.

Calder-ek, bere unibertsoen sailean aztertu zituen zeruko egituren gaia sakonduz, bere "konstelazioak" sortu zituen 1942-43 urteetan. Gerrak eraginiko material eskasia zen garaian eginiko konstelazio hauek, eskuz zizelkaturiko egurrezko moldeak (margoturik batzuk, margotu gabe besteak) altzairuzko hagatxo zurrunen muturretan lotuz sortu zituen. Garai hartan, hogeita bederatzi bat konstelazio sortu zituen eta horietako bakoitzaren egitura ezberdina da nabarmen. Solomon R. Guggenheim Museoak bere esku duen Konstelazioa (Constellation), 1943 pieza, iltze bakarrarekin horman zintzilik jartzeko eginiko artelan horietakoa da; beste zenbait, oinarri exentuak dituztenak izaki, bertikalki zabaltzen dira eta mugi daitezkeen edota izaeraz mugikorrak diren piezak dituztenak ere badira.

1951. urtean Calder-ek mugikor/stabile nahaste berria asmatu zuen; bere konstelazioekin lotura zuen egitura. "Dorreak" izenez ezagutzen dira eta hormari iltze bidez lotzen zaizkio. Hagatxo egitura batek eta hormatik bertatik ateratzen diren itxura emanez objektu mugikorrak zintzilikaturik dituzten alanbrezko hanka gisakoek osatzen dituzte. Une hartan, ordura arte Calder-en prozesuaren zati izan zen soinua, bere miaketen gune izatera igaro zen. Bere "gongs" delakoek kolpekari bat ez ezik soinua ateratzen duen plater bat ere badute zintzilik. Gisa honetan, aurretik antzeman ezin daitezkeen piezen mugimenduek, soinu txundigarriak sortzen dituzte. Koloreak garrantzia berezia du Calder-en beranduko artelanetan. Artista, kolore zuria eta beltza erabiltzera mugatzen zen, espektroaren kontrako muturren adierazgarri baitziren. Zuriaren nahiz beltzaren atzetik gorria zen bere kolorerik gustukoena; honen atzetik, berriz, oinarrizko kolore ziren urdina eta horia bereizten zituen. Calder-en ustez, gainerako eratorri kromatikoak efektu estetikoa nahastea besterik ez zuten lortzen.

Erakusketa honetarako Museoaren Atarian kokaturiko Igebelar gorriak (Nénuphars rouges), 1956 artelana, artistak artelanari ikusmen bidezko presentzia emateko kolore bizia nola erabiltzen duen ikusteko adibide bikaina da.

50eko hamarkadatik aurrera, Calder-en artelanen neurria handituz joan zen; hein batean, kanporako edota atari handietarako eskulturak eginarazten zizkiotelako. Egitura erraldoi hauek, bere egonlekuekin dute lotura argi eta garbi: inguruko espazioa iradokitzen duten molde sendoko zuloak edo irekidurak; ikusleak oinarri dituzten tamaina handiko mugikorrak; stabile delakoen inguruan, azpian edota horien bidez mugitzen diren pertsonak. Sarri, tamaina handiko artelan hauek sortzeko, erabilgarriagoa zen neurrira egiten zituen maketak.Hala findu ahal izaten zituen bere moldeak.

Behin batean hala esan zuen Calder-ek "Nire helburua txakurra den edota sugarrak diren bezalako zerbait sortzea da; berezko bizitza duen zerbait". Bere eskultura abstraktuek naturatik eratorririko bizitasun berezia gordetzen dute eta ikuslea txunditzen dute oraindik ere, behin eta berriz. Frank Gehry-ren artelana den Guggenheim Bilbao Museoaren egitura garaikidearen testuinguruan aurkezturiko erakusketa honetan, Alexander Calder-ek, era berean berritzailea eta dinamikoa den ingurune arkitektonikoaren barruan, eskultorearen molde organikoak berraztertzeko aukera eskaintzen dio ikusleari. 1964. urtean New Yorkeko Frank Lloyd Wright eraikin enblematikoan atzera begirakoa egin zuenetik, artearen eta arkitekturaren arteko halako elkartzerik ikusteko aukerarik ez da izan.

Komisarioak: Carmen Giménez eta Alexander S.C. Rower

 

Alexander Calder
Gurutzaldia (Croisière), 1931
Alanbrea, zura eta pintura
94 x 58,4 x 58,4 cm
Eskaintza, Calder Foundation, New York

 

Partekatu