Brancusi-Serra | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Brancusi–Serra

2011.10.08 - 2012.04.15

Erakusketa hau Fondation Beyeler-ekin lankidetzan antolatu zen eta Constantin Brancusi-ren eta Richard Serra-ren lanetan denboraren eta espazioaren kontzeptuek zer esanahi duten aztertu zuen. XX. mendeko eskultoreen adierazgarri bikain banaren hogeita hamar bat lan ikusgai jarri ziren: Brancusirenak gaika antolatu ziren eta hala haren artegintzaren funtsa agerian utzi zen; aldi berean, Richard Serraren eskulturekin alderatu eta bi artisten arteko lotura ezarri zen. Horrez gain, artistek aukeratutako materialek zer zirrara eragiten duten azpimarratu zen: Brancusik marmola, zura, zementua, igeltsua eta brontzea, besteak beste, erabili zituen; Serrak, berriz, altzairua, kautxua, beruna eta neoi-tutuak, besteren artean. Erakusketako zenbait gunetan bien lanak ondoz ondoan zeuden, besteetan, aldiz, txoko berezia zuten; hala aditzera eman zen bien arteko antzekotasunak eta aldeak eta agerian utzi zen eskulturak espazioa eraldatzeko ahalmena duela; bi egoitzen arkitekturak, gainera, eginkizun garrantzitsua izan zuen, beraz, hirugarren ahots bat zegoen eskulturen aukeraketarekin solasean.

 


Partekatu