Artea ikasbide 2010 | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Artea ikasbide 2010

2010.06.15 - 2010.09.05

Urteko erakusketa
Ikasturte osoko lana Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa batean laburbildu zen, ohi bezala. 103B aretoan bisitariak harrituta geratu ziren irudimenaren, ahaleginaren, dibertsioaren eta ikaskuntzaren ustekabeko konbinazioa ikustean. Ikusleek 6 eta 12 urte bitarteko artista hauen begirada originala ez ezik, ikuspegi anitzak bezain iradokitzaileak topatu zituzten bertan. 184 artista areto bakarrean! Litekeena da parte-hartzaileek betiko gogoan izatea eurak izan zirela Museoan erakusketa bat egindako artista gazteenak eta milaka lagunek behatu zituztela euren artelanak.

Historia
Learning Through Artprograma New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en sortu zen. Natalie K. Lieberman mezenasak jarri zuen abian 1970ean hiriko ikastetxe publikoetan arteen irakaskuntza kendu zutela eta.


1998an, Guggenheim Bilbao Museoak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen premia eta interesetara egokitu zuen programa hau, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzari eta BBKren babesari esker.

Harrezkero, Artea ikasbide programak arrakasta handiz jarraitzen du aurrera Euskal Herrian, bai pedagogiaren bai artearen ikuspegitik. Urte hauetan guztietan Lehen Hezkuntzako ziklo guztietako mailatik gora eskola-umek eta ehun bat irakaslek parte hartu dute bertan.

Metodologia
Ikasleek era askotara ikasten dute: entzunez, behatuz, hitz eginez, antzeztuz, sortuz. Sortze-prozesuan parte hartzen dutenean egiten dute hori guztia eta, gainera, ikuspegi kritikoaz pentsatzen edo proiektu bat planifikatu eta amaitu arte garatzen ikasten dute. Programa honek curriculum arloen artean dauden bereizketak desegiten ditu eta mundua sormenez eta beren kabuz begiratzera animatzen ditu haurrak. Artea errealitatea ezagutu, arakatu eta ulertzeko tresna bihurtzen da.

Gainera, ikasleek mintzamena eta idazmena hobetzen dute, eta norbere artelana eta besterena errespetatzeko gaitasuna garatzen dute. Ikasleak ikasteko garaian adikorrago agertzen dira arte-jarduerak egiten badituzte, eta, horrenbestez, tailer hauek oso eraginkorrak izaten dira metodo tradizionalei jarraitzeko zailtasunak izaten dituzten ikasleentzat. Tailerrak —argazkilaritza, pintura, eskultura, bideoa, musika, arte digitala eta artearen beste edozein arlo— astean behin ematen dira ikastetxean, ordu eta erdiko saioetan, 20 astez.

 

Irakasleak
Lortu beharreko helburuak eta bultzatu beharreko gaitasunak eta trebetasunak irakasleek identifikatu ondoren, artistek eta Museoko hezitzaileek unitate didaktikoetan integratzen diren tailer batzuk asmatzen dituzte. Programa bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, ikasleen interesak eta trebetasunak garatzearren, eta curriculumaren edozein arlo sendotu dezake. Ikasgelan funtsezkoa da artistaren eta irakaslearen arteko elkarlana, bata bestearen zereginean lagungarri eta indargarri direlako.

2009–2010 ikasturtean, hemeretzi irakaslek gogo handiz egin zioten harrera beren ikasgeletan Artea ikasbide programari. Nelly Ureta, Deiene Atela, Leire Maturana, Chelo Sampedro, Isabel Bajo, Julio Alba, Begoña Zilonizaurrekoetxea, Arantza Irueta, Jone Carbonell, Miren Zabaleta, Larraitz Artola, Celia Sáez de Ocáriz, Mónica Etxebeste, Mª Ángeles Gómez de Oteo, Antonio Martínez, Begoña Fuentes, Izaskun Ugarte, Arkaitz Manterota eta Julen Rotaetxe izan ziren irakasle horiek.

Artistak
Artistek funtsezko zeregina betetzen dute ikasleen lana dinamizatzen, eta sorkuntza artistikoaren pentsamendu kontzeptuala eskola-curriculumaren ikasgai zehatzetan aplikatzen laguntzen dute.

Elssie Ansareo, Naia del Castillo, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Maider López, Joxerra Melguizo, Manu Muniategiandikoetxea eta Jorge Rubio ikastetxeetara joan ziren eta euren proposamenak planteatu zituzten. Dena den, haurrak dira abentura sortzaile honen benetako protagonista. Harridura, ilusio eta energi iturri agortezina direnez, berriro asmatzen dituzte proposamenak, oso konponbide bereziak eta ustekabekoak aurkituz. Horrexegatik, artistek badakite euren zeregina dela haiek bidaia horretan barrena gonbidatzea, azken helmuga zein izango den jakin ez dakitela. Hala, Artea ikasbide programa abentura desberdina izaten da urtero.

Ikasleak
Haurrak bide berrien esploratzaile bihurtzen dira. Objektu berezi eta bakarrak egiten gozamen hartzen dute eta harro erakusten dizkiete besteei sortze-lanean egin dituzten aurkikuntzak. Gainera, tailerretan hainbat gaitasun, talde-lanerakoa eta komunikatzekoa, besteak beste, garatzen dituzte.

2009–2010 ikasturtean hauexek izan ziren parte hartu zuten artistak: Gallartako El Casaleko 6. mailakoak; Leioako Lamiakoko 1. mailakoak; Basauriko Velázquezeko 6. mailakoak; Portugaleteko Ruperto Medinako 4. mailakoak; Zestoako Arroako 3., 5. eta 6. mailakoak; Eibarreko Arrateko Andramariko 3. eta 4. mailakoak; Irungo Belaskoeneako 6. mailakoak; Gasteizko Divino Maestroko 6.mailakoak; Guardiako Víctor Tapiako 3. eta 4. mailakoak. Beraz, bederatzi ikastetxe eta 184 ikasle guztira.

 

Partekatu