Artea 1945az geroztik: bilakaera, aniztasuna eta elkarrizketa
2004.11.13 - 2005.01.30
XX. mendearen erdialdera egindako artea garrantzi handikoa izan zen, Bigarren Mundu Gerraren urte antzuen ondoren estiloari dagokionez sortu zen aldaketagatik ez ezik, abangoardiaren gune nagusia Europatik Amerikara lekuz aldatu izanagatik ere. New Yorkek ordezkoa hartu zion Parisi arte modernoaren gune nagusi bihurtu baitzen. Protagonista nagusiak espresionista abstraktuak izan ziren: kolore-eremu zabalak sortzen eta bat-bateko keinu naturalak egiten zituzten. Horren erakusgarri ditugu Jackson Pollockek pintura-zipriztinak mihisearen gainean isuriz sortutako lanak, Willem de Kooningen bizitasun handiko koadroak eta Mark Rothkoren koloretako panel bareak, ekintza baino hausnarketa nahiago zuen pintorearenak.
Mundu berriko artistek halakotzat hartzea lortu nahi zuten bitartean, Europakoak gerraren laztura gainditzen saiatu ziren. Mugimendu haietako bat arte informala izan zen, edo formarik gabeko artea, pinturan nagusi zen abstrakzio geometrikoaren aurrean izandako erreakzio gisa sortua. Arte informala pintura tradizionaletik aldendu zen arteak eskainitako askatasuna adieraztearren, teknika esperimentalak eta oso bestelako materialak erabiliz. Artista haientzat, Bigarren Mundu Gerraren ondoren tirania politikoak eta estetikoak oraindik ere zapaltzen zituztela ikusita, artelana liberazio politikorako modu bat ere bazen. Europa osoan hedatu zen mugimendu horren ordezkari ditugu Antoni Tàpies eta Antonio Saura Espainian, eta Pierre Soulages eta Hans Hartung Frantzian. Artista horiek materiari eta dagozkion propietate fisikoei ematen zieten garrantzia, baita Eduardo Chillida eskultoreak ere, bere obran muga, hutsa, espazioa eta eskala kontzeptuak aztertu zituenak.
Anselm Kieferren lana (Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma Propioak bere obra ugari ditu) neoespresionismo aleman gisa sailka daiteke oro har: joera hori 1970eko hamarkadaren bukaeran sortu zen eta eduki alegorikoa duen keinuzko pinturara itzuli zen. Hemen aurkezten ditugun adibideek artistak azken hogei urteetan izan duen eboluzioaren ikuspegi orokorra eskaintzen digute, material eta teknika anitzak bezain ugariak biltzen baitituzte.
Guggenheim Bilbao Museoko erakusketaren ikuspegia