Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
2007.10.11 - 2008.04.27
Art in the USA: 300 urteko berrikuntza erakusketaren helburua izan zen bere burua definitzeko borrokan ari den nazio baten ikuspegi orokor bat ematea. 200 artelan inguruk erakutsi zizkiguten esperientzia estatubatuarra, euren mitoak, ametsak, bizitutako zailtasunak eta ahuleziak.
Erakusketa arte estatubatuarrari buruz atzerrian inoiz egindako handiena izan zen. Sei aldi kronologikotan antolatu zen, garai bakoitzeko artea herrialdeko historiaren isla izan baita, aurkikuntza-, hazkunde- eta esperimentazio-garai baten narrazio konplexuaren zati izan den heinean.
I. Kolonizazioa eta Matxinada (1700–1830)
Kolonia europarrak indiar amerikarren kokalekuen inguruan ezarri ziren eta berton ere Asia eta Afrikatik etorritako kolonoak zeuden, haien arte-tradizioak zeuzkatenak. Ondorioz, garai honetako artean balio kultural anitzak dira nagusi. Baina denborak aurrera egin ahala, Estatu Batuetako historia politikoa koloniek Erresuma Batuarekin zeukaten harremanean oinarrituz garatu zenez, artearen historiak ere gauza bera egin zuen.
Hala ere, aldakuntza xume batzuk atzeman ziren arte estatubatuarrean. Lehen erretratuak New England-eko kultura puritanoaren eta herritar idealek jarraitu beharreko moral zorrotzaren isla dira. XVIII. mendean balore kolonialak baretu egin ziren, eta estatubatuar dirudunek euren luxuzko soinekoak eta jabetzak eta euren lorpenak, merkatari eta bildumagile ziren aldetik, erakusteko erretratuak nahi zituzten. 1776tik aurrera, koloniek Independentzia Adierazpena aldarrikatu zutenean, arteestatubatuarra tradizio europarretik bereizteko desio indarberritu bat ernatu zen. Buruzagi zibilen eta figura publikoen erretratuen helburua ez zen ez begirunea ez mirespena sorraraztea, nazio-harrotasuna eta garra piztea baizik.
II. Zabalkuntza eta Zatiketa (1830–1880)
Independentzia Gerraren ostean (1775–1783) nazio-nortasuna sortzeko beharrak estatubatuar izatearen esanahiaz eztabaidatzera bultzatu zituen sortu berri zen herrialdeko herritarrak. 1820. hamarkadan, eguneroko bizitza eta paisaiak deskribatzen zituzten pinturek bizi zuten askatasun pertsonal eta ekonomikoagatik euren herritarrak bikainak zirenaren sinesmena irudikatzeko balio zuten.
Genero-pintura pertsonaia arruntetan nahiz ohiko gertaeretan oinarritu zen inguru demokratiko batean. Lan horiek ikusleen gustukoak ziren eta gizarte-onarpena zeukaten, herritarrek euren burua edota euren bizilagunena ikusten baitzuten islatuta pasadizoetan. Hala, genero-pinturek nazio-kontzientzia garatzea bultzatu zuten. Paisaia-koadroek lur basatiak ageri dituzte euren egoerarik naturalenean eta mugarik gabeko kontinente birjinaren handitasuna islatzen dute, nazioaren handitasun-potentziaren sinbolo. XIX. mendearen erdialdean, "ageriko helburu"aren ideiak (demokrazia eta askatasuna mendebalderantz zabaltzea, jainkoaren baimenak lagunduta) kontinente osoan zabaltzeko baimena eman zien.
III. Kosmopolitismoa eta Nazionalismoa (1880–1915)
XX. mende hasierako arte estatubatuarrak mundu mailan bere tokia bilatzen duen herrialde baten erronkak islatu zituen. Estatu Batuetako aberastasun berriari esker, artista indibidualek eta bildumagileek euren arrastoa utzi ahal izan zuten atzerrian, kosmopolita zen ikuspegia agerian utziz. Era berean, munduko txoko guztietako etorkin andanak desagerrarazi egin zuen kolonia britainiar gisako AEBen nortasun zaharra, eta New York bezalako hiriak nazioartekoagoak bihurtu ziren.
Hauxe izan zen lurrun-ontziaren garaia, Amerika eta bertako artea nazioarteko komunitatearentzat eskuragarri geratu zirenekoa, korronte moderno orokorrarekin nahasteko moduan. Inpresionismoaren ospe ona hazi egin zen Parisen lan egiten zuten artista estatubatuar askori esker. Beste teknologia berriek, batez ere argazkigintzak, eragin handia zuten artista estatubatuarrengan, eta hori hiriko gaietara egindako hurbilketan islatu zen. Ash Can ("zakarrontzi") estiloko pintoreek hiri merkatariaren irudi bizia bilatzen zuten. Nazioarteko joera modernoen jakitun, pintore hauek arte modernoaren interpretazio estatubatuarrean sinesten zuten.
IV. Modernotasuna eta Erregionalismoa (1915–1945)
Politika irakiten zegoen garai honetan, artista estatubatuarrek lurraldearen garairik anizkoitz eta kontraesankorrena sorrarazten lagundu zuten. 1930. hamarkadako Depresio Handiak jazzaren aro oparoarekin amaitu zuen, eta kultur asaldura handiko uneak ekarri zituen. Abstrakzioaren bidea jorratu izan zuten artistek gai estetikoak alde batera utzi, eta injustizia sozial eta politikoaren aurkako aldarrien alde (Errealismo Soziala) edo Estatu Batu erregional baten irudiaren alde (Erregionalismoa) egin zuten. Jende xumez eta eremu geografiko anitzez betetako nazio bat irudikatu zuten, artistak New Yorketik independente izan zitezkeela frogatuz. Bestalde, New Yorkeko artistek berrikuntza artistikoa bilatzen zuten, nola mundu naturalean nola forma abstraktutan adierazitako arkitektura-espazioen geometrian.
V. Oparotasuna eta Etsipena (1945–1980)
1930eko hamarkadako depresio ekonomikotik bikain errekuperatu bazen ere, garai txarrak itzuliko ote ziren kezkak zirauen. Gerra osteko oparotasunak sortu zuen baikortasuna ahuldu egin zen, gerra nuklear bat bizitzeko beldurra baitzegoen.
Espresionismo abstraktua garatu zen garai berean bilakatu ziren Estatu Batuak nazioarteko superpotentzia. Ezarritako konbentzio tekniko eta tematikoekiko lotura hautsita, lan mota berriak psike indibiduala jorratzen zuen. Euren lana keinu energiko eta dinamikoa nabarmentzen duen abstrakzio handi batek, edo modu erreflexibo eta zerebralean oinarritzen den kolore-eremu zabalek bereizten dute.
1960ko hamarkadan ere aldaketa dramatikoak jazo ziren arte estatubatuarrean, Pop arteak eta minimalismoak bat egin baitzuten artearen munduan. Pop artistek publizitatetik, mugimenduzko irudietatik eta kontsumo-produktuen paketatzeetatik hartu zuten inspirazioa. Aurkezten dituzten irudiak, askotan umorez, graziaz eta ironiaz moldatuak, herri-kultura omentzeko nahiz kritikatzeko modutzat har daitezke. Minimalistek, ordea, pintura eskulturaren alde gaitzetsi zuten eta kontzeptua materiaren gainetik, eta ideia izaera sentsorialaren gainetik goretsi zuten.
VI. Kultura-aniztasuna eta Globalizazioa (1980–gaur egun)
1980az geroztik, AEBetako artistak Pop arteak, minimalismoak, arte kontzeptualak, performanceak eta bideoarteak utzitako ondareekin aritu dira; hala, iraganeko ikonoklasiak inoiz aztertu gabeko muturretara eta adierazpide oso sofistikatuetara eraman dituzte.
Praktika atzeragarritzat hartu bazen ere, 1980an pintura figuratiboaren susperraldi nabarmen bat egon zen, eta arrakasta komertziala ere izan zuen, herrialdeak bizi zuen oparoaldi ekonomikoarekin bat egin baitzuen. Ondorioz, zalantzan jarri ziren arte-objektu autonomoaren kontzeptua aro modernoan eta autoretzaren kontzeptua, eta, gainera, artisten eta ikusleen arteko desberdintasun ekonomiko nahiz sexu- eta arraza-desberdintasunetik sortutako gaiak atera ziren. Oparoaldi ekonomikoa hamarkadaren amaieran lehertu zen eta arte doilor gisa identifikatutako lan multzoa sortu zen. XX. mende amaierako arte mugimenduetako praktikek arte garaikidearen aniztasuna elikatzen diraute XXI. mendean. Azken urteetan, artistek indartsu diraute oraindik ere arteari eta artearen funtzioari buruzko definizioak zalantzan jartzen eta berridazten.
Komisarioak
Thomas Krens, Susan Davidson, Elisabeth Kennedy eta Nancy Mowll Mathews.
Thomas Moran
Lainoa Kanab arroilan, Utah (Mist in Kanab Canyon, Utah), 1892
Olio-pintura mihise gainean
112,7 x 97,5 cm
Smithsonian American Art Museum, Washington. Bessie B. Croffut-en legatua