ArkiEskultura
2005.10.28 - 2006.02.19
XIX. mendearen amaiera aldera jaio zenetik, eskultura modernoak arkitekturaren historiako bultzada nagusiak egin ditu bere, eta arkitektura garaikidea eskultura-terminoen arabera garatzen ari da, eta sarri, badirudi bilakaera hori eskulturaren historiaren jarraipena dela. ArkiEskultura erakusketa, hortaz, arkitekturaren eta eskulturaren arteko topaguneetan zehar eginiko ibilbidea izan zen. Ibilbide horretan diziplina arteko elkarrizketa horretan ekarpenik handienak eginiko artista eta arkitektoen 180 bat artelan, maketa eta argazki izan ziren ikusgai.
Zer da arkieskultura? Begiratu Guggenheim Bilbao Museoari. Bilbora etortzen denarentzat, hasieran, Guggenheim Bilbao Museoaren aparteko eraikina, distantzia jakin batetik begiratuta, Hans Arp-en edo Vadlimir Tatlin-en eskultura erraldoi bat ematen du, hiriaren erdian objektu hegalari ezezagun baten antzera lurreratua. Dena den, Frank Gehry arkitekto estatubatuarraren super-eskultura monumentu bat edo ikur bat izateaz gain, barrura sartzera gonbidatzen gaituen eraikina da. Hiru solairuko museo handia hartzen du barnean, eta arkitektura funtzionala da gainera. Proiektuak sortzeko garaian teknologia digitala erabiltzeak eraikuntzako tekniketan ondorioz ekarri dituen aurrerapenek eta material berrien garapenak, gaur egun eraikinak lehenago inoiz ikusi ez ditugun forma plastikoekin itxuratzea ahalbidetu diete arkitektoei —hasi Guggenheim Bilbao Museo dekonstruktibistatik eta Londresen Norman Fosterrek diseinatutako Swiss-Re aseguru etxearen pepino formako eraikineraino—. Eraikinek Jacques Lipchitz, Henry Moore eta Eduardo Chillidaren handitutako eskulturak ematen dute. Izan ere, arkitektoak beren objektuak itxuratzeko garaian erakusten ari diren izugarrizko sormena ikusita, oro har, orain arkitektura eraikinen bidez eskulturaren historia jarraitzen ari ez ote den pentsarazten digu.
Hala, arkitektura eskulturalaren boom hori dela eta ahaztu egiten zaigu lehenaldian ere bazeudela arkieskulturak; are gehiago, oraingo gertakari hau tradizio luze baten barruan sortu da, arkitektura eta eskultura bata bestea ernaltzen eta erabiltzen aritu izan diren tradizioan. Egiptoko piramideek aho zabalik uzten gaituzte oraindik beren oinarrizko plastizitatearen joritasun geometrikoagatik, eta gotikoan uztartze organiko batean elkartzen dira eskultura eta arkitektura.
ArkiEskultura erakusketa Fondation Beyeler-ek antolatu zuen hasiera batean Basilean 2004–05eko neguan, eta Bilbon izan ondoren, Alemaniako Kunstmuseum Wolfsburg-en izan zen ikusgai 2006ko udaberrian. Gai hori halako zabaltasun eta sakontasun historikoaz aztertu zen erakusketa honetan. XVIII. mendetik orain arteko lanak izan ziren, alegia, Étienne-Louis Boullée-ren (1784) Newtonen zenotafiotik eta Frank Gehryren Guggenheim Bilbao Museoa ere barnean dela. Guztira, 180 bat eskultura, pintura eta eraikinen maketa bildu ziren, mundu osoko 60 artista eta 50 arkitektok eginak. Arkitekto espainolen artean Juan Navarro Baldeweg dago, Benidormeko "Wang Wei" proiektuarekin, eta Luis Moreno Mansilla eta Emilio Tuñónen estudioa, Leon hiriko Auditorioaren maketarekin.
Erakusketaren alderdirik bereziena eta berritzaileena izan zen eskultore gailenen obrak eta mundu guztiko eraikinen maketak, berez, eskultura txikiak balira bezala hartutakoak, aurrez aurre ipinita ikustea, bi eremuen ideia plastikoen artean konparatu ahal izateko. Eduardo Chillida eskultore handiaren obrak eta nazioarteko arkitektoen maketak, adibidez Steven Holl-enak edo Herzog & de Meuron-enak elkarren ondoan ikustean, ordenadorez garatutako oraingo kontzeptu espazialetan eskultura modernoaren funtzio paradigmatikoak duen garrantzia antzeman ahal izan genuen.
Erakusketa ataletan garatzen den istorio baten antzera moldatu zen:
Hitzaurrea (208 aretoa): HISTORIAKO AURREKARIAK
Gizako piramidea, Greziako tenplu bat edo Antonio Gaudíren katedral neogotikoa abiapuntutzat hartuta bisitariak ikusi ahal izan zuen eskultura modernoa, 1900. urtearen inguruan sortu zenean, arkitektura historikoaren eraginpean egon zela, horri jaramonik egin izan bazaio ere; hala, Aristide Maillolen irudien konposizio tektonikoek, adibidez, klasizismoaren eragina jaso zuten, eta Rodin eta Errusiako konstruktibismoa gotikoan inspiratu ziren.
1. kapitulua (205 aretoa): NEOKLASIZISMOA: XVIII. MENDETIK XX. MENDERA
Neoklasizismoa eta Étienne-Louis Boullée-ren 1784ko esfera handia —Ilustrazioko obra gailena— izan ziren erakusketaren ardatz nagusia, Kazimir Malevitxen (ca. 1920) Arkitektoi suprematistetara zuzenean eraman gintuena. Boulléeren eta Klasizismoaren kanon formal zorrotzen omenez, Gerhard Merz artista alemanak areto horretan friso monumental bat sortu zuen Bilborako propio, "Ilustrazioaren argiaren" antzera erakusketatik gidatu gintuzten ehunka tutu fluoreszentek osatua.
2. Kapitulua: (205 eta 206 aretoak): ESKALAREN GAINEKO GARAIPENA
"Nire estudioaren bezalakoa da eta!" deiadar egin omen zuen Constantin Brancusik 1926an Manhattan auzoaren silueta itsasontzitik lehenengoz ikusi zuenean. Etxe orratzek osatutako unitate kubiko pilo hark Parisko bere estudioan eraiki ohi zituen idulki geometrikoak gogorarazi zizkion eskultore errumaniarrari. Estudioaren formatu handiko argazki batek lotura hori gogora ekarriko zigun erakusketan, eta Guggenheim Bilbao Museoko Atrioaren eta eskaileraren konposizio ludikoarekin dituen analogia harrigarriak agerian utzi zituen. 1950eko hamarkadan, Brancusik Zutabe amaigabearen bertsio bat proposatu zuen Chicagon etxe orratz bat eraikitzeko, exekuzio praktikoan 122 metroko altueraraino handitua, eta horrela eskalarik gabe handitutako eskultura gisa definitu zuen arkitektura —orain ohikoa denez—.
3., 4. eta 5. kapituluak: 1910–30
(206 aretoa): KUBISMOA, De STIJL, BAUHAUS
(207 aretoa): ESPRESIONISMOA
(207-209 aretoa): HIZKUNTZA—ARIMA—ESPAZIOA: RUDOLF STEINER ETA LUDWIG WITTGENSTEIN
1900. urtearen inguruan, August Schmarsow arte historialari famatuak bereizketa hau egin zuen: eskulturak "gorputzak sortzen ditu" eta arkitekturak, berriz, "espazioak sortzen ditu". Bereizketa hori erabilerarik gabe geratzen hasi zen 1910az geroztik. Plastika gero eta konstruktiboagoa eta tektonikoagoa bilakatu zen, eta lotura bat ezarri zuen arkitekturako nazioarteko estiloaren geometrismo angeluzuzenarekin (Georges Vantongerloo eta Ludwig Mies van der Rohe). Bestalde, arkitektura eskulturaren gero eta ezaugarri gehiago bereganatzen hasi zen. Erich Mendelsohn-en edo Rudolf Steiner-en arkitektura espresiboaren eragina, adibidez, gaurdaino iritsi zaigu, Greg Lynn-en eta Lars Spuybroek-en blob arkitekturaraino, arkitektura antropomorfoaren eta eskultura figuratiboaren arteko hurbiltasuna zehaztuz. Hala, organikoaren eta geometrikoaren, gorputzaren eta espazioaren arteko kontrastea izan zen, hain zuzen, erakusketaren leitmotiva.
6. kapitulua (209 aretoa): 1950–60: ARKITEKTURAK ESKULTURA IZAN NAHI DU, ETA ALDERANTZIZ
Alderatze horrek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan ere eragina izan zuen, gerra aurreko urteak ez bezala "eskulturaren aldia" gisa berezi izan zen garaian (Carola Giedion-Welcker, 1955). Garai hartan, Le Corbusierrek Ronchampeko kapera eraiki zuen, bere Villa Savoye-ren (1929–31) kutxa geometrikotik argi eta garbi aldentzen zena, eta aldi berean Frank Lloyd Wrighten Solomon R. Guggenheim Museum-en espiral organikoa New Yorken eraiki zuten. Bitartean, eskulturan ere iraultzaren hastapenak sumatzen ziren. Eduardo Chillidak "eskukturaren gorputza" "arkitekturaren espazioan" "berpiztea" lortu zuen.
7. kapitulua (203 aretoa): ESKULTURA BIDE ETA LEKU GISA: MONUMENTUTIK INSTALAZIORA
Alberto Giacomettik idulkiaren eta lekuaren ideiaren inguruan egin zituen saiakuntzak ere iraultza handia izan ziren. Izan ere, 1950eko hamarkadaz geroztik zabalkuntza handia izan zuten. Giacometti instalazio artearen aitzindaritzat hartu ohi da, espazioa menderatu eta hiriko espazioan sartu ez ezik, asmotzat multzo sozial osoa plastika sozial bihurtzea duen adierazpidearena (Joseph Beuys).
8. kapitulua (202 aretoa): 1970–2000 ARKITEKTURA MINIMALISTA ETA ESKULTURA PAISAJISTA
Arkitekturak eskulturaren esperimentu abangoardistei izugarrizko etekina atera zien garaia da, eskulturaren ideiez baliatzen hasi zen garaia, eskultura xurgatzeraino. Hala, Herzog & de Meuronen arkitektura minimalistak dotoreziaz egokitu zuen minimalismoaren metodologia erreflexua (Donald Judd, Dan Graham); Peter Zumtho-ren eta Peter Eisenmann-en elementarismoa Walter de Mariaren Land Art-aren erradikaltasunean dago zuzenean inspiratuta.
9. kapitulua (304 aretoa): ZIZELKATUTAKO HIRIA 1960–70: HIRIKO UTOPIAK MEGA-ESKULTURA BEZALA
1960ko hamarkadan hirigintza berriaren utopiak ere, funtzionalismoaren objektibotasunetik aldendu zirenak, artean aritu ziren inspirazio bila (Constant, Arata Isozaki, Yona Friedman). 1950eko hamarkadaren erdialdetik gero eta gehiago izan ziren mega-forma eskultural gisa itxuratutako hirigintza proiektuak. Atal honetako objektuak, bereziki Miquel Navarroren hiriko instalazioa, Harresi-hiria (1995–2000), Museoaren kristalezko hormen parean kokatu ziren, bisitariak instalazioko piezen utopiaren eta kanpoaldean ikusten duen Bilbaoko paisaia errealaren artean lotura zuzena eratu ahal izan zezan.
10. kapitulua (302 aretoa): BOX ETA BLOB ETA ESPAZIO BIRTUALAREN AURKIKUNTZA: XXI. MENDEA
Azkeneko atal hau orain gori-gori dagoen polemikari eskainitakoa da: box eta blob arteko joeren eztabaidari, alegia. Tradizioz, arkitektura funtzionalistak kutxa angeluzuzenaren forma erabili izan du espazioak eratzeko. Hala ere, gizakiak, bere antzinako bizilekutik —kobatik— espazioaren gero eta forma organikoagoa ere ezagutu izan du, teknologiak eskaintzen dituen aukera berriekin blobmeister arkitekturan [blob: tamaina handiko objektu binarioak] goia jo duen joera: Greg Lynnen Embryological Houses edo enbrioi itxurako etxeak.
Eszeptiko batzuek diotenez, esate baterako Rosalind Krauss artearen teoriko ospetsuak, arkitekturak xurgatu ez ezik "irentsi" egin du eskultura. Eta, izan ere, Bilbon bezain ondo ez dira inon erakusten "liaisons dangereuses" horiek. 1997an Frank Gehryk super-eskultura bat sortu zuen, Guggenheim Bilbao Museoa, gainerako guztia irensten ari dela ematen duena. Sugea (Snake, 1994–97), Richard Serrak sortua, bale baten sabelean bezalaxe galdu zen Museoko areto handian. Hala eta guztiz ere, Museoak eskatutako zazpi eskultura monumentalekin, 2005eko ekainean 104 Arcelor aretoan iraunkorki instalatutakoekin, "Arkitektoa eta eskultorea aurrez aurre" nobelaren beste atal bat idatzi zuen Richard Serrak. Mila tonatik gora pisatzen duen instalazio honen izenburuak, Denboraren materiak, aditzera ematen digunez azkeneko hitza esateko dago oraindik. ArkiEskultura erakusketaren asmoa horixe erakustea izan zen, arkitekturaren eta eskulturaren arteko harremana ez dela antropofagoa eta, aitzitik, mendeetan harreman emankorra izan dutela eta oraindik ere emankorra izaten jarraitzen duela. Hans Arp, Gordon Matta-Clark, Bruce Nauman eta beste hainbat artistaren obrak eta Frank O. Gehryren eraikinaren barrualde eskulturala aurrez aurre ikusteak, museo berezi honen maketa ugarirekin batera, harreman hori areagotu ez ezik eraikina super-eskultura gisa ikusteko aukera paregabea eskaintzen die bisitariei, eskulturaren historiaren ikuspegi berria eskaintzeaz gain.
Markus Brüderlin
Erakusketaren komisarioa
Alemaniako Kunstmuseum Wolfsburg-eko zuzendari hautatuta
Kazimir Malevitx
Gota Arkitektoia (Architekton Gota), 1923
Igeltsua
85,3 x 56 x 52,5 cm
Errusiako Museo Estatala, San Petersburgo