Elvis bikoitza | Andy Warhol | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Andy Warhol: A Factory

1999.10.19 - 2000.01.16

Andy Warholek, hein batean XX. mendeko artistarik ezagunenak, kulturaren ekoizpen bide guzti-guztiak arakatu zituen eta itzela ere itzela da utzi digun arte ondarea. Iparrameriketako eguneroko bizitza aipagai zuten serigrafietako pop irudiek eta Hollywoodeko ikonoen irudiek, hedabideetatik ateratzen zituenak, ospe handia eman zioten hirurogeiko hamarkadan baina ez ziren horiek Warholen lan bakarrak izan, beste esparru asko ere jorratu baitzituen. Zinea, argazkigintza, bideoa eta telebista, guztiak landu zituen, berak idatzitako liburuak argitaratu eta Interview aldizkaria fundatzeaz gain. Warholen ekoizpen ugari bezain askotarikoa artearen diziplinen arteko ohiko hierarkia urratzera dator, jende arruntaren kultura museoetan erakusteko arte bihurtzen eta artea jende arruntari helarazten aurrenekoa izan baitzen, gaur egungo kulturan joera hori arrunta bada ere.

Warholen benetako izena Andrew Warhola zen eta Pittsburgen (Pennsylvanian) jaio zen 1928ko abuztuaren 6an. Pintura eta eskultura espezialitateko ikasketak egin zituen Carneigie Institute of Technology-an. 1949an ikasketak amaitu ostean, New York hirira joan zen eta han, berehala izan zuen arrakasta merkataritzako irudigile eta diseinatzaile grafiko gisa eta besteak beste, Tiffany & Co. bitxigilea eta I. Miller oinetako egilea izan zituen bezero, ezagunenak aipatzearren. Warholen iragarkiak eta moda erreportajeak Harper's Bazaar, Glamour eta The New York Times aldizkarietan ikusi zuten argia. Berrogeita hamarreko hamarkadakoak dira irudimen handiz eginiko marrazkiak, urre koloreko collageak eta irudi-liburuak, eskuz koloreztatuak. Lan horietako askotan Warholen eskua agerikoa da, izan ere, zirriborro antzeko marren teknikaz baliatu eta nahita naïf estiloa erabili zuen, marrazkigile ona ere bazela erakutsiz. Warholek, bere lan egiteko metodoaren oinarriak karrerako lehen urteetan finkatu zituen, arte ekoizpenaren zenbait etapa bere laguntzaileen esku uzteko ohitura hartuz, eta maiz, coloring parties ("koloreztatzeko festak") antolatuz, zeinetan lagun eta lankideek obrak eskuz margotzen laguntzen baitzioten.


1960an, Warhol zinez eta gogotik margotzen hasi zen. Betidanik izandako kezka baten ondorioz, alegia, inork sortutako irudiez jabetzea, komikietatik eta publizitatetik hasi zen gaiak ateratzen. Geroago, besteak beste prentsan moztutako zatiak eta fotomaton-ean egindako argazkiak izan zituen inspirazio-iturri; serigrafia prozesuen bidez irudiak manipulatu eta handitu egiten zituen, kopiak egin, bata bestearen gainean jarri, ebaki edo itxuraldatu egiten zituen, ondo pentsatuz irudiak aldatzeko, batzuetan oso modu sotilean aldatzen bazituen ere. Era horretan artelan esanguratsuak eta orijinalak sortu zituen, aldi berean inspirazio-iturria aipatzen zuten artelanak. Warhol 1962an hasi zen serigrafiaz baliatzen eta era horretara hainbat eta hainbat koadro eta eskultura egin zituen laguntzaileekin batera; izan ere, fabriketako ekoizpen-katearen antzekoa jarri zuten estudioan. Ekoizpen mekanikoaren bidez artelanak egiten hasteak goitik behera aldatu zuen benetakotasunaren kontzeptua eta zalantzan jarri zuen artelana artistaren eskuak egin behar ote duen.

1962a ezkeroztik argazkiak koadro edo margolan bihurtzen hasi zen, horien artean bere artista maiteen argazkiak. Txikitan biltzen hasi zen argazki horien artetik batzuk hautatu eta gehien miresten zituen zine-izarren erretratuak egin zituen, Elizabeth Taylor eta Elvis Presley-renak tartean. Distira xarmangarria duten erretratu horiek ospea dute islatzen. Serigrafiatutako gainerako pinturekin bezala, Warholek erretratu horien hainbat bertsio egin zituen eta hedabideek irudiak behin eta berriz errepikatuz ospea emateko duten boterea adierazi nahi izan zuen. Hedabideek, Hollywood-eko ospetsuen alderdi fisikoari ez ezik, ezbeharrek jendearengan eragiten zuten morboari ere etekina ateratzen zioten. Prentsa sentsazionalistak obsesionaturik, Warholek gertaera bortitzei buruz mota horretako aldizkarietan agertzen ziren argazkiak bildu eta Hondamena (Disaster) saila osatu zuen (1962–67). Irudi lazgarri horiek manipulatuz eta errepikatuz, kolore eta neurri ezberdinetako mihiseak egin zituen, hedabideek gizartearengan duten anestesia-efektua agerian utziz, bikain utzi ere. Aldizkarietan bezala, Hondamena saileko obretan ere ezbehar beldurgarri guztiak irudi soil baino ez dira, eta hala, kontsumitzaileak kontsumitu eta bota egin dezake, hau da, ikusi eta ahaztu.

Estatu Batuetan, 60ko hamarkadan, kontsumoa ikusizko eremutik eremu materialera igaro zen. Neurri batean materialismo ikaragarri horri erantzun nahian, Warhol Amerikako erdiko klaseko eguneroko bizitzako elementuak hartzen hasi zen bere obretarako gaitzat. Janaridendetako apalak arakatu eta miatu zituen; horren fruitu izan zen, adibidez, Brillo kaxak, 1964ko lana. Lan horretako eskulturetan -izen bereko xaboidun espartzuen kaxen erreplikak-, irudimen handia zuela erakutsiz, agerian utzi zuen amerikarrek kontsumorako zuten pentsamoldea edo joera eta aldi berean, artearen ohiko mugak zalantzan jarri eta urratu zituen.

Warholek "The Factory" izenez bataiatu zuen estudioan egin zituen lehenengo serigrafiak. Lehenengo "Factory"a 1963an sortu zuen eta New York-eko Ekialdeko 47. kalean zegoen. Billy Name-k —sarritan han egoten zena— zilar-kolorez margotu eta eztainu-paperez estali zuen lokala, artista, ospetsu, famatu eta New York-eko abangoardiako kideen topagune nagusi bihurtu zen. Garai hartan, Warholek 16 mm-ko zine-kamera erosi zuen eta 1963a eta 1967a bitartean, "Silver Factory" hura zine-estudio bihurtu eta bertan, Warholek eta laguntzaileek bostehun filme baino gehiago egin zituzten. Filme horietako askok, zinegintzako ohiko metodoetatik haraindi, ez zuen ez egiturarik ez inolako gidoirik. Horietan mota askotako pertsonaiak agertu izan ziren, Edie Sedgwick modeloa, Taylor Mead poeta edo Viva (Susan Hoffman) aktorea, batzuk aipatzearren. Filme horietan agertzen ziren pertsonak "superrizarrak" izenez hasi ziren ezagun egiten.

Baina ikusizko artea eta zinea ez ziren Warholen interesgune bakarrak izan. 1965ean pintura bertan behera utziko zuela adierazi zuen eta arte ederren ohiko mugak desagertarazteko era berriak bilatzen jarraitu zuen. Hurrengo urtean The Velvet Underground taldearen manager lanak egiten hasi zen, eta aldi berean, multimediako "happening"ak ekoizten. Delako "happening" horietan, "The Exploding Plastic Inevitable" (Plastikoaren halabeharrezko eztanda) izenekoetan, antzezlanak, filmeak, dantza eta musika nahasten ziren. The Velvet Underground taldeak jotzen zuen bitartean, taldekideen gorputzetan eta eskenatokiaren atzean filmeetako irudiak eta koloreetako argiak proiektatzen ziren eta aldi berean, Gerard Malanga (poeta eta Warholen estudioko laguntzailea) eta Mary Woronov superrizarrek "Zartailu-dantza" dantzatzen zuten, Velvet Underground taldearen abesti batzuetako hitz sadomasokistak irudikatuz.

1968an, "Factory"-a Union Square West-era eroan eta handik gutxira, Warhol tirokatu eta larri zauritu zuen Valerie Solanasek, Warholen filme batean agertutako emakumeak. Bere onera etorri zenean Warholek zine-ekoizpena alde batera utzi zuen neurri batean eta beste bide batzuetan murgildu zen. Horietako bat Interview aldizkaria izan zen. Hasiera batean zineari buruzko hilabetekaria izan arren, apurka-apurka, famatuen gaineko aldizkari bihurtu zen, Warholen lagun ospetsuen elkarrizketez beterik, hala nola Mick Jagger, Halston eta Truman Capoteren elkarrizketak argitaratu ziren. Harreman horiek zirela eta, hirurogeita hamarreko hamarkadan gizarteko pertsona ezagunek erretratuak enkargatu zizkioten, gero eta gehiago gainera. Koadro horiek egiteko, hirurogeiko hamarkadan ez bezala (garai horretan fotomatonean egindako argazki sortez baliatzen baitzen) Warholek berak eta laguntzaileek egindako Polaroid argazkietatik ateratzen zituen bere modeloen irudiak, irudi lausengariak.

1974an Warhol Brodway-ko 860.eko estudiora joan zen (horixe izan zen sormenaren azken etapa). Garai horretan, Warholen lanetan behin baino maizago ikusiko ditugu eduki psikologiko eta politikoz beteriko sinboloak. 1972a ezkero, Mao Zedong buruzagi txinatarraren argazki famatua hartu eta kopiak egin zituen, marrazkietan eta pinturetan, baita horma-paperean ere. 1976an koadro sorta egin zuen, Burezurrak (Skull), memento mori modernoa bailitzan. Horren ondoren, Warhol balio ekonomikoa zuten beste ikur batzuei begira jarri zen: komunisten Igitaia eta Mailua (Hammer and Sickle), 1976–77koa eta iparramerikarren Dolarraren sinboloa (Dollar Sign), 1981koa. Agerian utzi nahi izan zuen ikur edo sinbolo horiek zabalduz zihoazela eta garrantzia handia ematen zitzaiela.

1970eko hamarkadatik heriotza egunera arte, Warhol irudi abstraktuak arakatu eta objektuak ez ziren irudien ezkutuko posibilitateak ikertu zituen. 1978ko Herdoildurak edo "piss paintings" ("pixarekin egindako pinturak") delakoak egiteko, kobrezko pigmentu metalikoz estalita zeuden mihiseen gainera pix egiteko eskatzen zion estudiora joaten zen jendeari. "Factory" estiloko proiektua inondik ere, hura burutzeko ingurukoen laguntza ezinbestekoa baitzen. Herdoildurak lan-sortako lanetan ez bezala, Warholen lan abstraktuen jatorria ezagutzeko modukoa izaten da nahiz eta batzuetan, irudia hain dago manipulaturik ezen anbiguoa ematen baitu. Horrela gertatzen da Zeitgeist sailean, 1982koa, bertan Alemaniako monumentuen eta estadioen irudiak forma ia antzemaezinetan eman zituen. 1984ko Rorschachs koadroetan ere, Warholek psikiatrian erabiltzen den tinta-orbanen testaz ematen duen bertsioa, -mihiseak bata bestearen gainean tolestuz lortutako ispilu erako irudi ikusgarriak-, abstrakzioaren eta "interpretagarritasunaren" erdibidean zeuden.

Grabatze eta dokumentatzearen ekintzak liluraturik, Warholek bere bizitzako eta bere obrako alderdi guztiak grabatu ohi zituen, lehenik magnetofoiarekin eta gero bideo-kamerarekin. Bideoarekin 1965ean egin zituen lehenengo saioak, The Factory Diaries (Faktoriako Egunkariak). 70eko azken urteetan eta 80ko hamarkadan telebistarako produkzioak egin zituen -Fashion, Andy Warhol´s T.V. eta Andy Warhol´s Fifteen Minutes, esaterako. Saio horietan ere agerian utzi zigun Warholek arlo edo alderdi ezberdin asko interesatzen zitzaizkiola, dela moda dela musika, eta pop kulturako pertsonaia ospetsuak aurkezten zituen bere saioetan, besteak beste Betsey Jonhson diseinatzailea, Debbie Harry kantaria eta Jerry Hall supermodeloa.

Ibilbidearen bukaeran oraindik ere gustoko zituen beste batzuekin egindako proiektuak. Adibide bat jartzearren, Jean-Michel Basquiat eta Francesco Clementerekin batera jardun zuen eta hiruren artean, zenbait mihise egin zituzten. 1986ko lan-sortak —Azken afaria, Kamuflajea eta Autoerretratua— proportzio itzelekoak egin zituen eta gerora begiratuta, heriotzari buruzko hausnarketak direla ematen du. 1987ko otsailaren 22an hil zen eta ordurako, ondo merezita, marka erregistratuko irudi bihurtua zen.

Ez dago zalantzarik, Warholen eragin ikaragarriak XX. mendeko beste edozein artistarenak baino luzaroago iraungo du mendebaldeko kulturan. Egunerokotasuna ikono bihurtzearekin "arte" kontzeptua eta esangura aldatu zituen baina aldi berean, norbanakoen irudiak ere interesatzen zitzaizkiola erakutsi zigun, eduki sinboliko handikoak kultura garaikidean. Warholek, azkarra eta zuhurra inondik ere, gizarte modernoko irudirik nabarmenenak, bai eta hura ondoen laburbiltzen dutenak ere, hautatu eta irudikatu dituenez, bere lanen argia ez da itzaliko.

Viviene Greene
Alboko komisaria

 

Andy Warhol
Elvis bikoitza (Double Elvis), 1963
Serigrafia-tinta polimero sintetikozko pintura gainean, mihise gainean
213,4 x 181,6 cm
C. F. Bilotti jaun-andreak, Palm Beach, Florida

Partekatu