WeUsed.To

Olafur Eliasson

Studio Olafur Eliasson-ek (Berlin) eta The Interacting Minds Centre-k (Aarhus-ko Unibertsitatea, Danimarka) sortutako proiektua

WeUsed.To gonbidapen moduko bat da, COVID-19aren pandemiak ekarritako bizipenen inguruan egindako gogoetak partekatzeko eta onlineko partaidetzaesperimentu batean esku hartzeko.

Mundu guztiko pertsonak animatu nahi ditugu beren testuak webgunera bidaltzera; idazkiok, gero, ausaz argitaratuko dira plataforman. Alemaniatik, Danimarkatik, Poloniatik, Italiatik, AEBtik, Ukrainatik, Indonesiatik, Hego Koreatik, Indiatik eta Europako, Ipar eta Hego Amerikako zein Asiako beste hainbat herrialdetatik bidalitako adierazpenen sortak, handituz joan ahala, pandemiaren mundu-mailako eskala erakutsiko du. Izan ere, COVID-19ak izugarrizko nahasmendua ekarri du. Milaka eta milaka heriotza eragin ditu munduan zehar, eta planeta guztiko komunitateei ari da erasaten. Baina birusa ez da hedatzen ari den gauza bakarra; emozioak, zalantzak, egitateak eta esperientziak ere ziztu bizian ari dira zabaltzen makina bat norabidetan.

WeUsed.To 2020ko udaberrian garatu zen, Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako leku asko itxialdian zeudela, eta abian den esperimentazio-ekimen handiago baten baitan jaio zen —Experimenting, Experiencing, Reflecting (EER), Studio Olafurrek eta Aarhusko Unibertsitateko (Danimarka) Interacting Minds Center erakundeak duela bost urte hasi zuten arte- eta zientzia-esparruen arteko lankidetzaekinbidea, Danimarkako Carlsberg Foundation-ek finantzatua—. WeUsed.To eremu publiko fisikoan probatu zen, Aarhus hiriko Dokk1 liburutegi publikoan, 2020ko udaberrian.

Experimenting, Experiencing, Reflecting (EER) esperimentazioan oinarritzen da, eta haren baitan egiten diren saiakerek pertzepzioa, erabakiak hartzeko gaitasuna, ekintza, batasun-sentimenduari loturiko ideiak, lankidetza eta ezagutzaren transmisioa aztertzen dituzte.

EER ekimenari buruzko informazio gehiago hemen

Zure testua bidaltzeko, sartu hemen