TRISTAN’S ASCENSION (THE SOUND OF A MOUNTAIN UNDER A WATERFALL)

Tristanen igoaldia (Tristans Ascension) lanak heriotzaren ondorengo unean arimaren igoera deskribatzen du: erori beharrean, gorako norabidean daramatzan ur-jauzi batek arima esnatu eta jasotzen duen momentua. Gizon baten gorputza ageri da harlauza baten gainean, hormigoizko gela huts batean. Ur-tanta txiki batzuk agertzen dira, lurretik altxa eta goraka doazela. Euri-lanbroa uholde ozen bilakatzen da, gizonaren hilotzari bultza egiten dio urak, eta bizia berreskuratzen du. Baldar mugitzen dira bere besoak eta bere gorputz-enborra okertu egiten da ur nahasietan.

Azkenik, gorputz osoa zutitzen da harlauzatik, uraren indarrez gora egiten du eta desagertu egiten da ur jauziaren goiko aldetik. Uharra baretu egiten da pixkaka-pixkaka eta tantak bakandu egiten dira, harlauza hutsa baino ez delarik gelditzen, lur hezean distiratsu. Horman muntatua dagoen pantaila bertikal handi batean proiektatzen da sekuentzia. Bereziki konfiguratutako 4.1 soinu-sistema inguratzaile batek zabaltzen du soinua espazioaren dimentsio bertikalean.