Trauma atzean utzita
204 eta 205 aretoak
Begien bistako etsairik ezak, gerra amaigabearen desgasteak eta masan fabrikatutako armen suntsipen-ahalmen anonimoak traumatizatu egin zuten gizartea. Gainera, gatazkak oraindik jarraitzen zuenean, influenza motako birus bat, “gripe espainiarra” izena eman zitzaiona (horrela deitu zitzaion Espainiako prentsa, zentsuratik aske, lehena izan zelako birus horri buruz informazio zabala ematen), mundu osoan zehar hedatu zen eta milioika pertsona hil zituen 1918 eta 1920 urte bitartean luzatu zen epidemia batean. Garai horretako errealitatea ulertzeko ikuspuntua mundu gero eta zatikatu eta lasterragoak taxutu zuen; izan ere, Fernand Léger pintoreak honela deskribatu zuen 1924an: “Inoizko handiena da gure garai honen ikuskizun-gosea. […] Fanatismo hau, kosta ahala kosta entretenituta egoteko behar hau, gure bizimodu gogor eta gabeziaz beteriko honen aurkako beharrezko erreakzioa da […] perfekziorako lasterketa bat”. Ez da erakusketa honen helburua hamarkada horretako berrikuntza erabakigarri horiek zerrendatzea, nahiz eta bost atalek gaiari buruzko hurbilpenak eskaintzen dituzten. Aurkikuntza horien artean aipagarrienetakoa, erakusketan islatua, mekanika kuantikoa izan zen: eremu horretan erabateko eragina izan zuten Werner Heisenbergen, Max Bornen eta Niels Bohrren ideiek. Ezagutza horretatik abiatuta, garrantzizkoa ez zen atomoaren eraikuntza, laguntzen zioten prozesuak baizik. Ardatz-aldaketa horrek koloka batean jarri zituen kontzeptu mutaezinak, hala nola identitatea, kausalitatea eta objektibotasuna, eta trukean anbibalentzia, zoria eta ziurgabetasuna agertu ziren.