THE VEILING

Oihal zeharrargitsuko geruza paralelo fin batzuk aise zintzilik daude gela ilunaren erdigunean. Espazioaren kontrako muturretan elkarren aurrez aurre dauden bi proiektorek irudiak proiektatzen dituzte material-geruzetan. Irudietan gizon bat eta emakume bat ageri dira, kamerara hurbilduz eta kameratik urrunduz, hainbat gau-paisaiatan. Elkarren aurrez aurreko bideo-kanal bereizietan ageri da haietako bakoitza, eta pixkanaka-pixkanaka mugitzen dira itzalgune ilunetatik argi distiratsuko guneetarantz. Oihal-materialak argia lausotzen du, eta irudiek intentsitatea eta fokuratzea galtzen dute oihal-geruzetan gero eta barrurago sartzen diren ahala, harik eta azkenean erdiko beloan elkar gurutzatzen duten arte, presentzia fin-finen gisara. Gizonaren eta emakumearen irudiak zein bere aldetik grabatuak dira, eta ez dira bideo-agerraldi berean sekula agertzen. Beren irudietako argia besterik ez da nahasten belo zintzilikatuen ehunean. Material-geruzek antolatzen dute espazioan proiektore bakoitzetik ateratzen den argi-konoa, eta hiru dimentsioko forma baten gisa erakusten du argi-kono horrek bere presentzia, bere masa zeharrargitsuarekin gelako espazioan zehar mugitzen baita eta hura betetzen baitu.