Stable Gallery
Bere Irudi txikiak lanen ondoren, 1950ean bere bakarkako lehen erakusketa lantzen hasi zen Krasner, zeina 1951ko urrian inauguratuko baitzen Betty Parsons Gallery-n. Orduan, kolore leun eta argitsuz beteriko hamalau obra geometriko abstraktu sortu zituen, eta, kritika onak lortu bazituzten ere, ez ziren saldu. Krasner atsekabetuta sentitu zen, eta zuri-beltzeko marrazki sorta batean aritu zen buru-belarri sartuta; marrazkiak estudioko hormetan iltzatu zituen, horiek orientazio berri bat iradokiko zioten itxaropenarekin. Egun batean erabaki zuen jada ezin zituela “jasan” marrazkiok eta hautsi egin zituen. Hainbat astez estudiora itzultzeko gai izan ez zelarik, bueltatu zenean, harriturik ohartu zen han “gauza pila bat” zeudela bere interesa pizten zutenak.
Paper hautsien zatiak collage sail baten abiapuntua izan ziren, eta haietako asko, ondoren, Betty Parsons Gallery-n egin zen erakusketako mihiseen gainean itsatsiko zituen, geruzak osatuz. Gainazal haietan arpillera-zatiak, egunkari-orri hautsiak eta argazki-paper lodia ere erantsi zituen, baita Pollock-ek bere garaian baztertutako zenbait marrazki ere, eta hari guztiari pintura-zertzeladak gehitu zizkion. Tamaina handiko lan haiek guztiak 1955eko irailean jarri ziren ikusgai Eleanor Ward-en Stable Gallery-n.