SLOWLY TURNING NARRATIVE

Pantaila handi bat (2,74 × 3,66 metrokoa) poliki biratzen ari da erdiko ardatz batean, gela ilun handi baten erdian. Bi bideo-proiektore aurrez aurre dauzka, espazioko kontrako aldeetan. Pantailaren alde bat ispiludun gainalde bat da; beste aldea, berriz, proiekzio normaleko pantaila. Proiektore batek gizon baten aurpegiaren lehen plano baten zuri-beltzeko irudia erakusten du etengabe, argi gogor batean; arretagabea eta aldi berean tirabiran dirudi gizonak. Beste proiektoreak koloretako irudi aldakor sorta bat erakusten du: ume txikiak zaldiko-maldiko batean mugitzen, etxe bat sutan, jendea inauteritan gauez, umeak su-festako suziriekin jolasean, etab.; mugimendu etengabea eta argi eta kolore zurrunbiloa da irudi horien ezaugarria. Zuri-beltzeko aldean, ahots bat entzuten da izatearen egoerak eta banakako ekintzak deskribatzen dituzten esaldi-zerrenda luze baten kantua erritmikoki eta modu errepikakorrean errezitatzen. Koloretako aldean, irudi bakoitzari lotutako giro-hotsak entzuten dira.

Bi proiektoreen izpiek irudiak distortsionatu eta sakabanatu egiten dituzte pantaila birakariaren gainaldean eta paretetan zehar, biratzen ari artean pantailaren angelua txandaka zabaltzen eta estutzen denean. Ispiludun aldeak isla distortsionatuak bidaltzen ditu, inguruko paretetan zehar ur-jauzi baten moduan erortzen direnak —armiarma-sare antzeko forma lausoak, gelako perimetroan zehar dabiltzanak—. Horrez gainera, espazioko ikusleek beren buruak eta beren inguruko espazioa ikusten dituzte ispiluan islatuta, hura geldiro mugitzen den artean.

Norberaren irudiaren itxitasunaz eta izatearen egoera potentzialki infinituen (eta, beraz, iritsiezinen) kanpo-zirkulazioaz ari da obra, ni zentralaren puntu finkoaren inguruan jiratzen baitute izatearen egoerok. Gela osoa eta barruko pertsona guztiak proiekzio-pantaila etengabean aldakorra bilakatzen dira, eta irudia eta islak hartzen dituzte barruan, bai eta espazioaren eta ikuslearen autoisla bat ere, eta hori dena ahots kantariaren eta pantaila birakariaren kadentzia erregularren bitartez lotuta dago. Bere buruan mugildutako adimen etengabean birakari baten errebelazioetarako barrualde bilakatzen da espazio osoa. Irudiaren, asmoaren, edukiaren eta emozioaren arteko bategiteek eta gatazkek etengabe zirkulatzen dute, pantaila poliki-poliki espazioan biratzen ari den artean.