PROIEKTU ESPAZIALAK SAILA

Esther Ferrer 1970eko hamarkadan hasi zen Proiektu espazialak (Proyectos espaciales) sailean lanean. Hemen ikus ditzakegun instalazioak saileko lehenengoetakoak dira. Kartoizko edo luma-kartoizko egiturak erabiliz diseinatzen zituen, maketa arkitektonikoak balira bezala, eta hariak jartzen zizkien.

Hau dio artistak:

Inoiz ez dut izan nire proiektuak eskala handiko espazio fisiko batera eramateko interesik; maketak funtzionatzen badu, lana egintzat jotzen dut. Espazio erreal batean egin ezin badut, ez da ezer gertatzen. Prozesua da niri interesatzen zaidana

Bere sorkuntza-prozesuan, maketaren plano ezberdinetan finkatzen ditu hariak artistak, horien euste-puntuen arteko distantzia erregularrak neurtuta, eskema geometrikoei jarraituz espazioa zeharkatzen duten lerroen itxura har dezaten jartzerakoan. Dituzten aldaera amaigabeak dira lan horien sail-izaeraren arrazoia: xehetasun txiki batzuk aldatze hutsarekin —hala nola, hari kopurua edo harien arteko distantzia—, erabat aldatzen da oinarrizko planteamendu matematikoa, eta emaitza ezberdin ugari lortzen da.

Instalazio horietarako, hariak, kableak, elastikoak edo sokak erabiltzen ditu Esther Ferrerrek, elementu hauskor eta egunerokoak, eta horma biluzien, zoruaren eta sabaiaren artean jartzen ditu, urkilaz edo iltzez lotuta. Era horretan, elementu gutxi batzuekin esku hartzen du espazioan, eta ikuslearen pertzepzioa aldatzen duten ezaugarri berriak ematen dizkio.

Ferrerrek zorroztasun matematiko handiz erabiltzen ditu elementu horiek; euspen-urkilek espazioaren pertzepzioa aldatzen dute. Horrela, lurzorutik sabaira paraleloan doazen hari horiekin, forma geometrikoak sortzen ditu, baita angeluak ere, ertzetan eten edo tolestu egiten direnak.

Horrela hitz egin du artistak lan hauei buruz:

Instalazio batzuetan arauren baten pean jardutea erabakitzen dut —ahal den neurrian nire subjektibotasunetik ihes egiteko modua da—, edo nik erabakitzen dudan sistemaren baten arabera aritzea —adibidez, zenbaki bakoitien seriea—. Beste batzuetan, ordea, hausaz egituratzen ditut, haien erritmoa ezartzen duen intuizioaren gidaritzapean.