306. ARETOA

Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Rupftarrak bildumagintzan segitu zuten. 1920ko hamarkadaren hasieran, Georges Braque, André Derain, Juan Gris, Henri Laurens, Fernand Léger, Paul Klee eta Louis Moillet artisten azken lanak erosi zituzten. Gerra aurretik moduan, artistek sortu eta gutxira eskuratzen zituzten obrak.

Ordutik aurrera, Kahnweilerrek ezin izan zituen artista guztiekin harremanak gorde. Hala ere, beste artista batzuekin hasi zen lanean, esaterako, Paul Kleerekin; Rupfen laguntzari esker, 1933an artista atzerrian ordezkatzea lortu zuen.

Areto honetan Juan Grisen artearen garapena ikus daiteke, 1913tik 1925era, eta 1913ko Picassoren Biolina horman zintzilik (Biolina) lanarekin aldera daiteke. Beste artista batzuk ere badaude eta artelanen kokapenari esker horiekin loturak ezartzen dira, besteak beste Fernand Léger —hemen ikusgai Formen kontrasteak— eta Henri Laurens. Azken horren artegintzaren eboluzioa ere agerian dago eraskuketako lanen hautaketan: hasierako lan kubistak eta geroko bolumen handiko eskulturak, emakumearen irudian arreta jartzen dutenak, aurki ditzakegu.

XX. mendeko artetik egiten ari garen bidaia honetan, orain gutxiko eskultura bat ere badago: Titulurik gabea, 85–065 zk, 1985. Abstraktua da, aluminiozkoa, eta horma batean muntatzekoa. Juddek 1983 eta 1990 artean egindako modulu bidezko eta kolore biziko artelanen multzokoa da. Modulu guztiek altuera, sakonera eta zabalera bera dute. Koloreak aukeratzean, artista ez zen saiatu konbinazio “harmoniko”rik ezta “disonante”rik egiten.