SURREALISMOA

206 ARETOA

Surrealismoaren korronte artistiko eta literarioa 1924an sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte egon zen aktibo; Paris izan zuen epizentroa. Surrealismoa arrazionalismo modernoa desagerrarazten saiatu zen, irudimenaren bidez. Psikoanalisiaren eta mitoaren eraginpean, surrealistek uste zuten subkontzientean barneratzeak sexualitateari, nahiari eta indarkeriari buruzko barne-mundu konplexuak azalerarazi ditzakeela. Giacomettik ametsen lengoaia ikertu zuen, surrealistek zioten moduan, eta 1931n bihurtu zen, ofizialki, André Breton-en taldeko kide. Eragin surrealistak obra onirikoak eta originalak ekarri zituen laster; haietan, barne-munduak irudikatzen dira, ezohiko irudien bidez.

Giacomettiren estilo guztiz pertsonalak artista eta intelektual ospetsuen interesa piztu zuen. Dalíren iritziz, Bola zintzilik (1930–31) “funtzionamendu sinbolikoko objektu” surrealistaren prototipoa da, eta indarkeriazko edukia edo eduki erotikoa ditu. Objektu desatsegina (1931) joera honetako eskultura enblematikoena da, eta ondo baino hobeto egiten du bat Georges Bataille-ren idazkietan nagusi diren basakeria-fantasiekin.

Emakume lepo egina (1932) piezak ezin hobeki islatzen du 1930eko hamarkadaren hasieran Giacometti surrealismora atxiki izana. Artistarentzat oso interesgarriak ziren mugimendu horrek inkontzientean barneratzeko zituen moduak, gai konplexuak aztertuz; egoera antagonikoak: mina eta estasia, gizakiarekin lotutakoa eta gizakiarekin lotuta ez dagoena; baita aldi berean erakarri eta higuina sortzen duten motiboak ere, intsektuen forma esaterako.