Richard Serra
Eskulturaren zein marrazkiaren arloan, ezarritakotik edo ikasitakotik harago joateko gai izan da beti Richard Serra. Artista estatubatuarrak teknika, formatu eta material berrien esanetara jartzen du beti marrazketa, hizkuntza autonomo bihurtuta, eta beste praktika batzuetarako euskarri izateari utzita.
2015ean hasi zuen Ibilbideak (Ramble Drawings) sailean, Serra hara-hona ibiltzen da, noraezean, eskuz egindako paper japoniarren gainean, bere ibilbidearen aztarnak utzita han-hemenka. Bere ekoizpen ezagunena ez bezala, Serrak eskala haztatu batean eginak ditu lan horiek, baina haiei nolabaiteko monumentaltasuna eransteko bulkadari uko egin gabe hala ere: Rambles horien arteko txikienetako batzuk, hogeita hamahiru, hain zuzen, hamaikanako hiru zerrendatan antolatuta aurkezten ditu. Horrela, bere lanaren aurrez aurre jartzera behartzen gaitu, trazu edo ekintza bakoitzak sortzen dituen efektuak aztertzera, arreta sormen-prozesuan bertan jartzera.
Serrak, arkatz litografikoa aplikatzean, bi metodo desberdin erabiltzen ditu: bata transferentzia bidezkoa; bestea, paper gaineko zuzeneko markaketa. Lehenengoarekin, presio-maila desberdinak transferentzia handiagoa edo txikiagoa izatea dakar, eta, ondorioz, obra batzuetan lanbro mehea dirudiena, beste batzuetan zirrimarra multzo ilun lausoa izan daiteke. Bestalde, orri gainean zuzenean arituz, errazago kontrola daiteke erabilitako material “koipetsuaren” kantitatea, eta horrek eragina du, noski, azken emaitzan. Arkatzaren beltzak eta pastelaren hautsak, beren ñabardura guztietan, ikuskizun zoragarria bihurtzen dute marrazki horietako bakoitzari behatzeko ekintza; gainera, horien segida baten aurrean jartzen bagara, gozamen estetiko soilaz harago doan konparazio-ariketa egin ahalko dugu, bestelako ulermen- mekanismo batzuk erabilita.