HAUSNARKETA ETA BANAKETA: EREMU GRAFIKOA

Serigrafiak, urtintak, litografiak eta offset inprimaketak baliatuta, artistak modu berriak bilatu zituen lehenagotik egindako ehungintza-piezetarako prestakuntza-marrazkietan landu zituen kontzeptu bisualak jorratzeko. Adibidez, grabatuetan erabiltzen diren prozesu kimikoekin egin zituen saiakerak bere garaiko estanpazio-tailer onenetako batzuekin lanean aritu zen garai berekoak dira. Baliabide horiei esker Albersek aurretik egindako lan guztiari buruzko hausnarketa egiteko bidea aurkitu zuen. Horren erakusgarri da Konexioak (Connections) portfolioa, non ia sei hamarkadatan zehar egindako lanetako mugarri bisualak laburbiltzen dituen.

Grabatuari esker Albersek baliabide ezin hobea aurkitu zuen konposizio-eredu berriak eta aldaera bisual ia amaigabeak saiatzeko. Konplexutasun grafiko handiagoak lortzeko, triangelu- nahiz erronboide-eskemak zituzten lanak egin zituen, lerroen eta harien, marrazkien eta ehunen arteko egitura-loturak ezartzeko. Aipatu forma horiek lerro katramilatsuen azterketak biltzen zituzten piezekin tartekatu zituen; labirintoak, korapiloak eta hari matazak gogora ekartzen zituztenak. Askotan diseinu horiek ekoizpen handiko ehun-diseinuetara eraman zituen, garai artako hainbat fabrikatzaileekin elkarlanean. Artista hil zenetik ere horrela egiten jarraitu du The Josef and Anni Albers Foundation-ek, hark horrela eskatuta. Izan ere, industriarekin egin zituen lankidetza horiekin Albersek diseinua publiko zabalarentzat eskuragarri jarri nahi zuen, Bauhaus-ek beti defenditu zuen ideiarekiko zuen atxikimendua aldarrikatuz, hau da: artea eta diseinua formak ekoizteko eremu berean sartuta daudela eta forma artistikoak berdintasunez hedatzeko prototipoak sortu behar direla. Izan ere, Albersen lanaren azken aldi honetan agerian daude parean joan zirela ehun-produktuen eta objektu grafikoen industrializazioa, arte-objektua demokratizatzeko ahaleginak eta sortzaileen indibidualismoari egindako kritika inplizitua.