Ez erreparatu nahas-nahasari
209. ARETOA
Espazio hau artistaren bizitza pertsonalari eta intimoari buruzkoa da. Netok tunel zuri, garden eta argitsu bat eratu du eta bertatik barrena ibil daiteke. Bisitariak, bertan sartuta, lekua eraldatzen du, bere oinatzek poliamidazko lurzorua aldatzen baitute. Sabaiak, poliamidaz egindakoa ere, kanpoaldeaz dugun ikuspegia desitxuratu egiten du. Ernesto Netok uztarketa sentsazio horren bila dihardu, gure elkartze intimoek nola eraldatzen gaituzten ikusi nahi du, agian gu geu baino zer edo zer handiagoan bilakatuko gaituztelarik.
UmetokiKaperaNabea II (NaveÚteroCapela II, 2013) izeneko obra gailentzen da areto honetan. Artistaren eta Lili emaztegaiaren (garai hartan Lito lehen semeaz haurdun zegoen) arteko ezkontzaren eszenatoki gisa erabilitako instalazioaren bertsio txikiagoa da. 2001. urtean ezkondu ziren, Rio de Janeiroko Museu de Arte Modernan, Ezkontza ─ Lili, Neto, Lito eta zoroakerakusketaren inaugurazio pribatuan. Artistaren lagunak izan ziren ezkontzaren arduradunak eta ez zuen agintari zibilik ez eta erlijiosorik ere parte hartu, Netok ezkontza bere intimitatearen ospakizun publiko baten moduan ulertzen duelako. Bere bizitza pertsonala gainerako pertsonekin partekatzeko xedearekin, halaber, artistak hiru proiekzio erakusten ditu areto honetan: lehenengoak Netok lagunei hondartzan ateratako argazkiak biltzen ditu, bigarrenak goizeko ordu txikitan apartamentuan hartutako irudiak eta hirugarrenak ezkontzarenak.
Aretora sartzeko, zapatak erantzi behar dituzu. Gorde iritsiera ordena eta arakatu lanak kontu handiz. Aretoan gehienez 10 pertsona egon daitezke, artelanak kaltetu ez daitezen. Nabea (erdiko lana) eta ArrautzaGorputza (atzeko lana) lanetan barruan 5 pertsona baino ezin daitezke aldi berean sartu.