POSTINPRESIONISMOA ETA MODERNITATE GOIZTIARRA
Thannhauser Bildumak hartzen duen XIX. mende amaierako arte europarraren hautaketak epealdi horretako bi arte-joera nagusiekiko erreakzio gisa sortu ziren estiloen ugaritasuna agertzen du: naturalismo akademikoa eta inpresionismoa ziren bi joera horiek, eta biek bultzatzen zuten mundu fisikoarekiko atxikipena. Mende bukaera aldi konplexua izan zen, aztoramen ekonomiko, politiko, sozial eta psikologikoak definitutakoa, sarritan aurrerabidearen izenean.
Paul Gauguin eta Vincent van Gogh bezalako artistek—Thannhausertarren Municheko galerian antolatu ziren erakusketa erabakigarrietako margolariak— barrura begiratzeari ekin zioten.
“Mundura irekitako leihoa” zen arte bat sortu baino areago, postinpresionista izenekoek marra bihurgunetsuak eta kolore ez-naturalistak baliatzen zituzten beren margolanei kutsu hunkigarri bat emateko. Van Goghek, bereziki, bere esperientzia eta sentimendu pertsonalen lenteak baliatuz irudikatu zuen errealitatea. Saint-Rémyko mendiak (1889ko uztaila) buruko gaitz baten atake baten ondoren suspertzen ari zela margotu zuen, eta artistaren egoera subjektiboa dakar gogora —ospitaleko lurren inguruko arroka formazioen presentzia zirragarria jasotzeaz gain—, pinturaren aplikazio lodiaren eta pintzelkada bizien bitartez.
Georges Braque-k, bere Paisaia Anberestik hurbil (1906) margolan fauvistan, kolore kartsu, espresionistak erabili zituen eta paisaiaren dekonstrukzioa landu zuen, argitasun koloretsu baten bitartez.
Mendearen mugan bestelako arte-formak ere agertu ziren, haien artean Henri Rousseau margolari trebatugabearen margolan lau eta estilizatuak. Rousseauren Futbolariak (1908) baso zehaztu gabe batean kokatuta dago, eta aldi berean da jolas alaia eta ametsetako irudi hunkigarria.