Pertzeval saila eta Atomoa saila (1916–17)
202 aretoa
Hilma af Klintek Tenplurako pinturak amaitu ondoren egin zuen lehen margolan-multzoa da Pertzeval saila. 1916an hasitako sail honek paper gaineko 144 lan ditu guztira, hainbat taldetan banatuta, Af Klinten sortze-prozesuan ohikoa zen bezala. Izenburua Pertzeval eta Mahai Biribileko gainerako zaldunak Grial Santuaren bila ibili zirenekoa kontatzen duen Arturo erregeari buruzko kondairatik dator. Af Klintek ezagutza espiritualaren esplorazioari ekin zion pintura-multzo honetan, eta espirituen mundutik jasotzen zituen mezuen ikerketarekin jarraitu zuen.
Artistak hamar astean egin zituen lan horiek, Villa Furuheim-en, Suediako Munsö uhartean aintzira baten ondoan zuen etxean. Geroago, estudio bat eginarazi zuen etxean, hura ardatz hartuta bere ingurune hurbilenarekin komunitate bat sortzeko asmoz, baina ez zuen ametsa betetzerik lortu.
Urtebete geroago, Atomoa saila margotu zuen. Garai hartan, zientzia eta pentsamendu espirituala era askotara elkartzen ziren. Izan ere, aurkikuntza zientifikoek mundu behagarriaz haraindiko errealitate baten existentzia erakutsi zuten, eta horrek indar espiritual ikusezinak existitzeko aukera hauspotu zuen. Teosofiak, esaterako, atomoa igarmenaren bidez ezagutzea posiblea zela zioen. Era berean, Af Klintek atomoekiko zuen interesa mundu naturalarekiko zuen lilurarekin lotuta zegoen. Artistak kosmosera sartzeko atetzat zeukan atomoa; bere oharretan adierazi zuen atomoak batasunerako garapen-prozesu bat bizi zuela, bera egiten ari zen ibilbide espiritualaren parekoa.