Palingenesia

1970eko hamarkadaren hasieran, Krasnerren lanak nabarmen eboluzionatu zuen, bere azken sorkarien forma biomorfiko leunetatik konposizio abstraktu ertz-zurrunetara pasatuz. Stable Gallery-n 1955ean egin zuen erakusketan eta bere Oinarrizko saila azkenaldiko lanarekin eskuratu zuen ospea kolorista gisa, baina une hartan energia lasaiagoa zuen Krasnerren ekoizpenak. Cindy Nemser artearen historialariak ikusi zuen bezala, margolan berri haiek “hedakorrak ez ezik, neurritsuak […] handientsuak [eta] geldoak” ziruditen.

Pintura haiek Marlborough-Gerson Gallery-n, erakutsi ziren lehenik, eta multzo garrantzitsua osatuko zuten Lee Krasner: Large Paintings erakusketan. Marcia Tucker izan zen erakusketaren komisarioa, eta 1973an egin zen Whitney Museum of American Art-en; Krasnerren lehen erakusketa indibidual handia izan zen bere sorterria zen New Yorkeko erakunde publiko batean. Margolan haiek ondo agertzen dute Krasnerrek zuen sormen-indarra, baita bere ibilbidearen azken etapan ere. Areto honetan dagoen Palingenesia izeneko tamaina handiko lanak “berpizkundea” esan nahi duen grezierazko hitzetik hartzen du izenburua, funtsezko kontzeptua baita Krasnerren praktikan. Barbara Rose arte-arduradunak egin zion elkarrizketa batean artistak azaldu zuen bezala, “eboluzioak, hazkundeak eta aldaketak bere horretan jarraitzen dute. Aldaketa bizitza da”.