Oinarrizko saila
1960ko hamarkadaren hasieran, Krasnerrek lehertzen utzi zion koloreari berriz ere bere koadroetan. Bere “Gaueko bidaiak” bezala, Beste ekaitz bat lanak gama kromatiko murritza du, baina lur-kolore itzaliak orain alizarina-karmin zoragarri bati eman dio bidea. Eskuineko besoa hautsi zuelarik, ezkerreko eskua erabiltzen ikasi zuen Krasnerrek, pintura zuzenean hoditik aplikatuz eta eskuineko eskuko hatzak erabiliz bere mugimenduak gidatzeko. Horrela, obra ukigarriagoak sortu zituen, Urdinean barna eta Ikaro izenekoak bezala. Hurrengo urteetan, askeagoa egingo zen Krasnerren keinua, kaligrafikoagoa, forma ausartak sortuz oihaletik salto egiten dutela diruditen kolore disonanteetan.
Krasnerrek sail honetan erabiltzen duen joritasun kromatikoak haren heroi artistiko Matisserengana garamatza, zeinak esan baitzuen “kolorearekin, sorginkeria-kontua dirudien energia bat lortzen da”. Artistak garai honetan erakusten duen konfiantza, beharbada, Bryan Robertson komisarioak 1965ean Londresko Whitechapel Gallery-n antolatutako bakarkako erakusketari zor zaio: haren lehen erakusketa zen erakunde publiko batean, eta oso kritika positiboak jaso zituen.