Museo-argazkiak

Museo de Pérgamo 1, Berlín 2001 | Guggenheim Bilbao Museoa

1980ko hamarkadaren bukaeran, Museo-argazkiak lan-multzorako lehen argazkiak egiten hasi zen Thomas Struth. Era horretan, pinturarekiko zuen pasioa eta argazkigintza batu ahal izan zituen. Iraganak eta orainaldiak egiten dute topo argazki horietan, eta artelan ezagunen eta behatzaileen arteko erlazioa aztertzen dute. 1999an, Museo-argazkiak saileko lehen argazkiak egin eta handik hamar urtera, Thomas Struth-ek berriro heldu zion serieari. Baina oraingoan irudiek hasierako gaia zabaltzen dute bestelako premisa eta argazki-ikuspegi batzuk erabilita. Hala, irudi horietako batean, Struth-ek bere burua agerrarazten du ikusle gisa; beste batean, artelanean eta haren inguruko espazio hutsean zentratzen da esklusiboki; eta bada beste bat, non obra bakar bat, modu zinematografikoan muntatuko beira-arasa batean jarrita, objektu historiko-kultural arrotz bat balitz bezala eskaintzen baita.