MORANDI ETA NATURA HILAREN TRADIZIOA

Morandik Espainiako Urrezko Mendeko artearekiko zuen grina bat etorri zen garai hartan Italian bertako maisu nagusiak berraurkitzearekin. Roberto Longhi arte-kritikari eta
-historialariak, Morandik miretsi eta ondoren lagun izan zuenak, bere idatzietan arreta bildu zuen jada Diego Velázquez eta Francisco de Zurbaránen inguruan. 1930ean, Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi erakusketaren komisarioa izan zen Longhi, Erromako Galleria Nazionale d’Arte Moderna-n. Contini-Bonacossi Antzinako Maisuen bildumak, Italiako handienak, maisu espainiarren multzo bikaina hartzen zuen, hauen pinturekin: Greko (Doménikos Theotokópoulos), Bartolomé Esteban Murillo, Velázquez eta Zurbarán. Katalogoko sarreran, Longhik nabarmendu zuen erakusketa oso garrantzitsua zela batez ere artista garaikideentzat, horrela azalduz hura Italiako arte modernoko museo nagusian gauzatzeko erabakia, eta Zurbaráni buruz esan zuen “onenetako bat izan zen formak argiaren bidez sortzen, Caravaggioren atzetik eta Cézanneren aurretik”; hala, artista “protomoderno”tzat jo zuen. Artistaren lanean eragina izan zutenen artean Longhik espainiarrik sekula aipatu ez arren, Morandik Espainiako Urrezko Mendeko artistekiko izan zuen interesa agerian geratu zen 1918–19 aldera Grekoren inguruan izan zen gertakari batean. Giuseppe Raimondi literatura-kritikariak azaldu zuenez, Morandiren etxera bisitan joan zen batean, Grekori buruzko liburu txiki bat ikusi zuen zabalik. Posta-zigilu baten tamainako Jasokundearen edo Deikundearen erreprodukzio txiki bat seinalatuz, Morandik aingeruen eta santuen oinetan zeuden lore batzuetara erakarri zuen arreta, eta honela esan zuen: “Ezein pintore modernok ez du horrelako lorerik pintatu. Renoirrek bakarrik beharbada…”. Modernotasunaren paradigma gisa, Morandik gertu sumatu zituen maisu espainiarrak.