MODERNOTASUNA ETA TRADIZIOA

Lehen Mundu Gerra aurreko eta ondorengo urteetan, artistak Kubismoaren ikusizko lengoaiaz baliatu ziren hainbat helburu lortzeko, hala nola, hainbat estilo uztartzea, abstrakzio hutsa eta zientzia modernoa ikertzea eta garai hartako lanei tradizio herrikoien espiritualitatea ematea. 1910eko hamarkadan Robert Delaunay-k eta Fernand Léger-ek, adibidez, zatikatze eta aldiberekotasun kontzeptua (pertzepzioa eta denboraren iragatea) esploratu zuten bereziki hiritarrak ziren gaien dinamikak irudikatuz. 1920ko hamarkadan Delaunay liluratuta zegoen optikaren eta fisikaren esparruetan egindako aurkikuntza berriengatik, eta erabateko abstrakziotik hurbil zegoen estiloa garatu zuen. Apollinaire-k uste zuen estilo hori musikaren antzekoa zela, errealitate objektibotik independentea zelako. Orfismo terminoa sortu zuen Delaunayren estiloa deskribatzeko —mitologia greziarrean lira-interprete zen Orfeori erreferentzia eginez— .

Marc Chagall —sortzez errusiarra— eta beste artista batzuk 1910ean Parisera joan ziren bizitzera eta berehala azken joerak bereganatzen hasi ziren. Chagallek zatiketa espazial kubista —Delaunayren pinturetan ezagutu zuena— eta folklore errusiarrean eta juduan inspiratutako irudi koloretsuak nahastu zituen. František Kupkak, berriz, inspirazio formala Kubismoan, Fauvismoan eta Delaunayren lanetan aurkitu zuen; baina teosofiaren —filosofiaren, erlijioaren eta zientziaren sintesia— jarraitzaile zen aldetik, antzinako mitotan, teoria kromatikoan eta garapen zientifiko garaikideetan ere oinarritu zen. Constantin Brancusi-k —Errumaniatik Parisera 1904an heldu zen— XIX. mendeko eskulturak zuen antzerkirako eta narraziorako joerari uko egin zion, eta forma abstraktuak, muturreraino sinpletuak, eta zuraren, metalaren eta beste material batzuen aurkezpen soilak, apaindurarik gabeak, landu zituen. Bere obraren jatorria eta esanahia inoiz adierazi ez zituen arren, erakusketako obra batzuk Errumaniako mitologiako naturaz gaindiko figurei loturik egon daitezke.

Robert Delaunayk Eiffel dorrearen inguruko sailean zatiketa kubistaren garapenak landu zituen. Aurrerapen teknologikoaren sinbolo izateko eraiki zen dorrea 1889an, eta modernotasunaren mamia zehaztu nahi zuten pintoreen eta poeten arreta erakarri zuen. Dorreari buruzko seriean —artistak berak fase “suntsitzaile” gisa azaldu zuena—, Delaunayk dorrea eta inguruko eraikinak hainbat ikuspegitatik aurkeztu zituen. Paleta mugatuak eta bloke motako forma soilek aditzera ematen dute Eiffel dorrearen inguruko lehen lanetan Delaunayk Georges Braqueren eta Paul Cézanneren eragina zuela. Zuhaitzdun Eiffel dorrea (Tour Eiffel aux arbres) lanaren irudikapen dinamikoagoak artistaren estilo-aldaketa erakusten du. Delaunayk dorrea hainbat ikuspegitatik adierazi zuen aldi berean; horrela begiaren mugimendua, denboran eta espazioan, iradoki zuen eta aldibereko ikuspegia islatu zuen.

1912. urtea Kubismo Analitikoaren gailurra izan zen Pablo Picassoren eta Georges Braqueren lanetan, baita Fernand Légerren estilo kubista bereziaren heldutasuna ere. Azken hau argi ikus daiteke Erretzaileak (Les fumeurs) izeneko bere pintura alaian. Plano oker eta gainjarriek koadroko gaiaren gorputz-formak deskribatzen dituzte eta, aldi berean, parametro erritmiko zehatzez osatutako azalera integrala osatzen dute. Gorputz bolumetrikoaren eta espazio dinamikoaren arteko emaitzazko oszilazioa estetika futuristatik eta Kubismo Analitikotik edaten du. Irudi erabat abstraktu horiekin, Légerrek hizkuntza kubistan egindako sartu-irtenak Robert Delaunayren estilora hurbildu ziren; izan ere, Delauneyren azken lanak, esaterako, Forma zirkularrak (Formes circulaires) ia erabat urruntzen dira errealitate enpirikotik.

Forma zirkularrak (Formes circulaires, 1913 eta 1930–31) pintura-seriean Robert Delaunayk ez zuen objekturik erakutsi nahi. Hasieran konposizioak planeten eta izarren behaketan inspiratu baziren ere, ikusmena, hautemate hutsa, adierazten ahalegindu zen, koloreen eta argien inguruko saiakeren bitartez. Guillaume Apollinaire idazleak Orfismo hitza asmatu zuen Delaunayren estiloa deskribatzeko —Orfeo mitologia greziarreko lira jotzailea zen—. Haren iritziz musikaren oso antzekoa zen estilo hori, errealitate objektibotik independentea zelako. Georges Braqueren eta Pablo Picassoren Kubismo goiztiarraren paleta mugatua baztertu zuen Delaunayk, eta kolore distiratsuak baliatu zituen: zirkulu zentrokide eta zatikatuen bandatan aurkeztu zituen, kaleidoskopio-efektua sortuz. Obraren konbinazio kromatikoak XIX. mendeko Michel-Eugène Chevreul kimikari frantsesaren aldibereko kontrastearen teorian oinarritu ziren. Chevreulek tonu diferenteak elkarren ondoan jartzeak tonu bakoitzaren pertzepzioan nola eragiten duen aztertu zuen.

Marc Chagallek Errusia utzi eta Parisera joan zen bizitzera 1910ean. Bertan, Fauvismoa eta Kubismoa ezagutu zituen. Berehala Chagallen lanetan azken joerak agertzen hasi ziren. Kubismoaren zatiketa espaziala, batetik, eta jaioterrian eta folklore eta legenda errusiar eta juduen elementuetan inspiratutako irudi koloretsuak, bestetik, bat egin zituen. Soldadua edaten (Le Soldat boit) margotu eta urte batzuen ondoren, Chagallek adierazi zuen 1904–05eko Errusiaren eta Japoniaren arteko gerran zibilen etxeetan ostatu hartzen zuten soldadu tsaristen oroitzapenetan oinarritu zela. Eskuin eskuko hatz potoloarekin leihoa eta ezker eskuko hatz erakuslearekin kikara seinalatzen dituen koadroko gizona bi munduren arteko bitartekariarena egiten ari da, irudizko adieran: barrualdea eta kanpoaldea, iragana eta oraina, irudimenezko mundua eta mundu erreala. Honakoa bezalako pinturetan argi ikus daiteke artistak irudikapen errealista egin baino nahiago zuela barneko mundua, oroitzapenak eta sinbolismo magikoa adierazi.

Piet Mondrianek, 1911n Amsterdamgo erakusketa batean Georges Braqueren eta Pablo Picassoren pintura kubistak ikusi ondoren, Parisera bizitzera joatea erabaki zuen. 1912an iritsi eta urtebetera pintatu zuen Pintura 2. zk./Konposizioa VII. zk. (Tableau Nº. 2/Composition Nº. VII). Lan hau teknika kubista berriaren inguruan egiten ari zen bilaketaren adibide da. Kubismo Analitikoaren eragin argia duen estiloa baliatuz, Mondrianek motiboa —kasu honetan zuhaitz bat— xehatu zuen, elkarren artean nahastutako lerroen sare baten eta kolorezko planoen bidez; halaber, antzekoak diren okre eta gris tonuen paletak mihise kubistak gogoratzen dizkigu. Baina Mondrian kubismo paristarra baino haratago joan zen abstrakzio-mailari zegokionean: bertako gaiak askoz ere ezezagunagoak dira, bolumena iradokitzea ekiditen baitzuen eta kubistenak ez bezala, Mondrianen irudi-egiturak pinturaren ertzetan desegiten baitira —kubistek konposizioak mihisearen behealdean finkatzen zituzten, grabitatearen eraginari lotuta dagoen irudi bat erakutsi ahal izateko—.

1904az geroztik Parisen bizi zen Constantin Brancusi eskultore errumaniarrak zura jorratzetik espresionismorako bidea egin zuen eta, hori egitean, lengoaia bisual berezia eta bakarra garatu zuen. Bere lagunen artean zeuden Fernand Léger, Henri Matisse, Francis Picabia eta beste artista moderno batzuk. XIX. mendeko eskulturak zuen antzerkirako, deskribapenarekiko eta narraziorako joerari uko egin zion Brancusik, sinplifikazio eta laburpen erradikala aukeratzeko. Hautatutako gaien funtsa jasotzen saiatu zen, baliabide formal minimoez. Erregeen erregea (Le roi des rois) haritz zurezko eskultura monumentala sortu zuen artistak Askatasunaren Tenplua (Temple de la délivrance) lanean ikusgai jartzeko. Tenpluak Indore-ko Yeshwant Rao Holkar maharajak 1933an agindutako santutegi pribatua izan behar zuen. Lurpeko sarbidea zuen leihorik gabeko ganbara gisa (sabaiko irekiera bat izan ezik) taxutu zuen Brancusik, barrualdea islatzeko urmael bat eta hegaztien freskoak zituena. Hala ere, ez zen inoiz eraiki. Nolanahi ere, tenpluaren diseinuak Brancusiren artearen funtsezko kezkak laburbildu zituen: forma estetikoaren idealizazioa; arkitekturaren, eskulturaren eta altzarien bat egitea; eta pentsamendu espiritualaren oroitzapen poetikoa.