Metaketa
“Bat egiten dut, eta gero beste bat, eta gehiago eta gehiago egiten jarraitzen dut, prozesuak zokoratzen nauen arte. Horri ‘obliterazioa’ deitzen diot nik”.
Kusamaren artean, metaketaren kontzeptua ez da soilik joera obsesibo eta konpultsibo bat, ezta errepikatzeko berezko nahia ere, baizik eta artistak bere ikuspegi sortzailea zabaltzeko duen beharrak bultzatutako hedapen-gogo gisa interpreta daiteke. Infinitu-sareak sortu ondoren, Kusamak Metaketa garatu zuen; hau da, paperezko zati berrerabiliekin eta eskultura bigunekin egindako collage sorta. Pieza horietan, eguneroko objektu bat (esate baterako, aulki bat) eraldatu egiten da haren gainean betetako eta jositako oihalaren forma faliko eta tubular ugari pilatzean, eta, orduan, objektua bera eta haren funtzioa desagerrarazten dira. Pixkanaka-pixkanaka, Kusamak forma bigun horiek biderkatzeko zuen nahi konpultsiboak ikuspegia zabaltzera eraman zuen infinituaren ispiluen geletara (1965ean hasi zen horretan) eta hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan egin zituen oihal zilarreztatu eta estanpatuetara, tartean, Eskuen metaketa; bertan, sofa bat eta aulki batzuk ehunka eskularru zilarreztatuz estalita daude.