Lurrikararen ostean

“Lurrikara batek, gerra batek edo antzeko zerbaitek erabateko hondamendia eragiten duenean, gerta liteke une batez argitara ekartzea eskuarki ilunpetan egon ohi diren gauzak. Asko ikas dezakegu halakoetatik. Ez dut sekula gerrarik bizi izan, baina uste dut lurrikarak, tsunamiak eta istripu nuklearrak eragin horixe bera izan zutela nigan”.

Yoshitomo Nara

 
2011n Japonia astindu zuen lurrikararen ostean, Nara konturatu zen ordura arte egindako bidea birplanteatu egin behar zuela oraina eta geroa bateratzeko. 2012an Yokohomako Arte Museoan ikusgai jarri zituen margolan berriek nolabaiteko trantsizioa adierazten zuten, gorputz osoko zutikako irudietatik aldendu eta aurpegien lehen planoetara pasatzen hasi baitzen, bere lanei nortasun-agirirako argazkien edo erretratu tradizionalen itxura ematen zien aurrez aurreko laukiratze-formatura. Lan horietan, haurrei desafio-kutsua darie begiak zabal-zabalik dituztela ageri direnean, baina zeharkako begiradak eta oldarkortasun-sentsazioa desagertu egiten dira, eta zaurgarriago dirudite umeek. Begiak itxita dituztenean, ordea, hausnarketa, bake eta introspekzio sakoneko sentsazioa transmititzen dute; Narak bihotzaren begiekin ikustea deitzen duen barne-barneko ikuspegia da hori, kanpoko munduaren distrakziorik gabea.

Nararen haurrak, zatikatutako kolore-ukitu oparoen sorta zabal batez irudikatuak, gero eta etereoago bihurtuz joan ziren. Pintura-geruzak gainjarriz emandako pintzelkada metodikoek esperimentazio formaleko etapa berritzaile bat adierazten dute: aurreko lanetan ikusten ziren kolore-eremu trinkoen erabilera atzean utzi, eta arreta mihisearen gainazal fisikoan eta artistaren eskua agerian uztearen tradizio piktorikoan jartzera igaro zen Nara.

Erretratu horiek ez dira pertsona zehatzen irudikapenak. Aitzitik, ideiak eta emozioak adierazteko erabiltzen ditu artistak. Haurren aho horizontal itxiek nekez ematen dute ezer aditzera —desagertu dira atsekabea zerakutsaten edota irribarre baten imintzioa eginez zertxobait gorantz kurbatzen ziren ezpain haiek—, baina malkotan itotako begi horiei (maiz irisatuak) hunkidura sakona darie.

Nararen asmoa irudi horiek gure irudimena piztea da, izan ere, bere konposizio sinplifikatuek —hondo monokromo neutroa daukaten eta gaiari buruzko erreferentzia oro ezabatua duten haiek— ez dute hari narratiborik. Aurpegiei arretaz erreparatu behar zaie pertsonaien barne-emozio konplexuak interpretatu ahal izateko. Begien eta auraren bidez aditzera ematen diren emozio horiek irudi bakoitzaren ariman barneratzen gaituzte, Nararen ariman.