ZEINEN UTOPIA?: AKTIBISMOA ETA ALTERNATIBAK 2008 INGURUAN

202 ETA 203 ARETOAK

2001eko uztailean, Pekingo hautagaitza aukeratu zuten Olinpiar Jokoetako egoitza izateko. Urte bereko azaroan, Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartu zen. Bi gertaera horiek zekarten nazioarteko onespenak halako itxaropen bat eragin zuen, eta itxaropen hura areagotuz joan zen Txina osoan zehar ipinita zeuden erlojuak Olinpiar Jokoetako inaugurazio-zeremoniara hurbildu ahala: 2008ko abuztuaren arratsaldeko 8etan, bere tokia hartu zuen Txinak ekonomiaren superpotentzia global gisa. Baina, artista askorentzat, ikuskari ikusgarri hark ez zuen ernatu desiratzen zen triunfalismoa. Haren ordez, 2008an —urte hartan gertatu ziren Sichuan-go lurrikara tragikoa, maiatzean, eta finantza-krisi globala, urrian—, aktibismo sozial bat zabaldu zen, gertaeren nondik norakoa aldatzeko premia bizitik sortua. Testuinguru hartan, artistek, kritikariek, komisarioek eta aktibistek gidaturik, zenbait urteko proiektu kolektiboak sortu ziren herrialde osoan: Ai Weiwei-ren mobilizazio politikotik hasita, Ou Ning-en landaldeko berreraikuntza-proiekturaino.

Sail honetako artistak eta kolektiboak eszeptikoak ziren alderdi-Estatuaren olinpiar esloganaren aurrean —“Mundu bat, amets bat”—, eta beren babesleku, santutegi eta laboregi propioak sortu zituzten, haietan, komunitate birtual nahiz errealetan zuzeneko ekintza bultzatuz, aldaketa soziala gauzatzeko. Praktika partizipatiboen eta sozialki konprometituen alde egiten zuten artista-aktibisten nazioarteko joera zabal baten ordezkaririk aipagarrienak ziren, kubo zuriaren erakusketa-aretoen eredua baino harantzago joan nahi baitzuten. Internet zen orduan oro har erabiltzen zen bitartekoa, sare sozial baten azpiegitura ematen baitzuen, Shangaiko Arte Garaikidearen gaineko Artxiboaren proiektuan bezala; baita errealitate sozial alternatiboa ere, esate baterako Cao Fei-ren RMB City. Era berean, egile hauek espazio artistikoaren mugak gainditzen dituzten munduen eraikuntzan konprometitu dira, bizitza indibidualak taxutuz, eta arazo endemikoak gaindituz, azpikoz gora jarriz. Irudimenaren eta egiaren boterearen bitartez, mundu errealaren egoera aldatzen saiatzen dira.