Ametsen etxea
205 ARETOA
Tupi-guarani hizkuntz amerindiarretan, Rio de Janeiro eta inguruko indigenen tradizioaren arabera, oca(“etxea”) hitzak etxebizitza komunala esan nahi du, hau da, guztion artean eraikitakoa eta familia talde batek edo batzuk erabiltzen dutena. Oca hitzak, halaber, tribu osoa biltzeko eta elkarrekin bizitzeko lekua ere adierazten du; bertan errituak ospatzen dira eta arbasoen ondarea partekatzen da: ezagutzez betetako etxea da. Netoren oca ametsez betetako etxea da: ocahori bizirik dago; animalia bat da, eta Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela (Stone Lips, Pepper Tits, Clove Love, Fog Frog, 2008) lanean hezurmamitzen da.
Aurreko lan batzuetan, maskor gisa erabili zuen Netok arkitektura. Artelanak ziren “gorputzaren” zati biguna, eta arkitektura haiek estaltzen zituen maskorra edo mintza. Pieza haietan, artistak hezurrezko egitura batzuk ere erabili zituen eta gela bat sortu zuen beste gela baten barruan. Obra honetan ere ikus daiteke elementu hori. Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela lana kolore ilunetan egina dago eta gaueko paisaia gogorarazten dute, zeru izartsua, gaueko animalia.
Obraren sarreran ehuna tiratzen duten zenbait harri ikus ditzakegu, aldi berean pieza osoa tenkatzen dutelarik. Instalazioaren barrualdean piperbeltzez betetako bi “malko maskulinoek” eta iltzez betetako “malko femeninoak” gure usaimena esnarazten dute, ametsen mundura eramanez.