ITSASOA ETA HERRIA

Aurrez aurre agertzen zaizkigu hemen itsasoaren mundua eta mendiarena, batzuetan elkarrengandik oso kilometro gutxira dauden bi mundu desberdin: portu-herriak eta mendiko herrixkak, batzuk besteetatik hur samar kokatuak egon arren modu desberdinean kodetzen dutenak koloreari buruzko beren ikuspegia, artista bakoitzak bere pintzelarekin egiten duen bezala. Baserritarrek lanaldi luze gogorrak egin behar izaten zituzten uzta biltzen eta lasto-sortak gordetzen. Pixkana-pixkana, uztaren ondoren zelaietako berdea moztutako belarraren eta belar-meten okre eta hori argi bihurtzen zen. Espainiako lehen inpresionista izan zen Guiard, izan ere, aire zabaleko pinturara jo zuen eta italiarrek la scoperta del vero deitu zuten pintzelkada xeheko lengoaia zehatz hori erabili zuen. Aire zabaleko pinturak, batez ere, naturan barrena ikustea esan nahi du, pinturaren bidez bertako argiaz jabetzea. Uzta mozteko lan horren aurrean (Guiard), itsas munduaren epika eta haize eta ekaitzen aurkako borroka daude (Maeztu), baita traineru-estropaden irabazteko grina ere, Friedrich Schilleren erromantizismo alemaniarrak ulertzera ematen duen kiroltasun edo ludikotasun nozio hori ere: kirola norberaren mugak gainditzeko erronka soil gisa, beste inolako helburu materialik gabe.