Hiriko paisaiak
“Egia esan, etxeko leihoetan bizi naiz[…] Egongelan kalea edukitzea bezalakoxea da […] Beti izan naizenez klaustrofobikoa, niretzat ihesbide bikaina da gela batean itxita ez sentitzea”
Alice Neel: The New York I Love: Seventeen New Yorkers Tell Us What Makes Them Most Love This Big, Bad, Beautiful Town, 1980
Egin zituen hiri-paisaietan, New Yorkeko eraikien eta parkeen eguneroko edertasunaren testigantza utzi zuen artistak; artifizio handiko multzo bat sortu zuen inguruko natura eta eraikinak elkartuta. Neelen asmoa ez zen hiriko arkitektura ikoniko eta itzelaren ikusgarritasuna islatzea, garaiko harrotasun-iturri izanagatik ere; horren ordez, hain dotoreak ez ziren kasuetan zentratu zen berriz ere: gertuen sentitzen zituen eta bere egunerokotasunaren parte ziren eraikinetan eta espazio publikoetan. Bizileku zuen hiria aurkezten zuen Neelek, baita bertako biztanleak ere, zuzenean edo zeharka, xehetasun jakin batzuez baliatuta egin ere: irudi ia fantasmagorikoak, zabaldutako gortina batzuk, edo gaueko eszena bat, bere etxearen barnealdetik pintatua, non leihoetatik inguruko fatxadak antzematen diren. Hiria eta bertako jendea sartu-irtenean aritzen ziren Neelen espazio piktorikoan zein pertsonalean.