Helena Goñi

Bilbo, 1990

helena_goni

Gorputza–objektua–ingurunea erlazioaren garrantzia funtsezko alderdia da argazkilaritza esperimental eta performatiboaz, bideoaz eta performanceaz baliatuta Helena Goñik egindako ikerketa artistikoan. New Yorken bizi zenean, ezagun batzuei argazkiak atera zizkien 35 mm-ko kamerarekin, eta ikusten zuen guztia dokumentatzen jardun zuen, irudimen kolektiboaren inguruan egiten ari zen ikerlanaren testuinguruan. Lynn eta Caleb argazkitan hartu zituen, bakoitza bere etxean —koloretako argazki biak erakusketan daude ikusgai—, eta erresistentziari, konpromisoari, fetitxe bilakatutako gorputzari eta giza irudiaren errepresentazio eskultorikoari buruzko zenbait alderdi arakatu zituen. Lynn liburuei eusten lanean, Goñik Lynn erretratatu zuen bizkar gainean liburu batzuei eusten ziela, etxe barruko gainazal bigun batean belauniko. Burua argazkiaren laukiratzetik kanpo geratu arren, gorputzaren arkitekturan eta horrek, modu literalean hartuta, liburu-itxuran “inprimatuta” dagoen pisuarekiko daukan hartu-emanean jarri du arreta Goñik. Lynnen gorputza euskarri bat da funtsean, eta gainean landareak dituzten atzealdeko altzarien isla ere bada; giza gorputzaren errepresentazioa gorpuzdun espazio biziduna bilakatzen da horrela.