Hasierako obrak
“Nire bizitzak, Kuban, askoz ere zerikusi handiagoa izan zuen nire ondorengo psikologiarekin. Asko baldintzatu ninduen”
Alice Neel: Patricia Hills, Alice Neel, 1983
Klase ertaineko familia tradizional estatubatuar batean jaioa, Neelek lanean jardun behar izan zuen Filadelfiako Emakumeentzako Diseinu Eskolan ikasketak ordaindu ahal izateko. Han, aukera izan zuen bere trebetasun artistiko hasiberriak garatzeko, eta jaso zuen prestakuntzan bereziki garrantzitsuak gertatu zitzaizkion ikastetxeko irakasle famatuenetako baten estiloa eta filosofia. Robert Henri (1865–1929) izan zen hura, Neelek irrikaz irakurri zuen The Art Spirit (1923) liburuaren egilea. Modelo batetik abiatuta lan eginez, Neelek bateratu egiten zituen, Henrik bezalaxe, behaketa arretatsua eta sentsibilitate piktorikoa.
Pennsylvaniako Arte Eder Akademian, Chester Springs-en, antolatutako udako ikastaro batean, artistak Carlos Enríquez ezagutu zuen, Kubako abangoardia artistiko eta intelektualeko kide bat. Ezkondu egin ziren 1925ean, eta laster Kuba aldera abiatu ziren. Han, prestakuntza-esperientzia interesgarri askoak bizi izan zituen Neelek, bai artearen bai politikaren esparruan. Gori-gori zegoen giro intelektual bat topatu zuen Kuban, gizarte egoera zaurgarrian zeuden pertsonen lehen erretratuak egin zituen, eta bere lana jendaurrean lehenengoz aurkezteko aukera izan zuen, baita harrera ona lortu ere.