Gerra-zerbitzurako erakusleihoak
1929ko ekonomiaren beherakada handiaren ondoren, Franklin D. Roosevelt presidenteak Depresio Handia gainditzeko eta AEBko ekonomia berreraikitzeko xedea zuten programa batzuk jarri zituen martxan. Milioika langaberi diru-sarrerak emateko ahaleginean, Gobernuak Works Progress Administration (WPA) sortu zuen 1935ean. Federal Art Project ere sortu zuen, WPAk babestua, artistei laguntza eskaintzeko, eta espiritu amerikarrari eta lanari, komunitateari eta baikortasunari lotutako balioak sustatzen zituzten proiektuak finantzatzeko.
1930eko hamarkadan zehar, Krasnerrek proiektu haietako batzuetan parte hartu zuen, eta, 1942an, Manhattango eta Brooklyngo saltegi handietako hogei erakusleihoren diseinua eta muntaia gainbegiratzea proposatu zioten, non gerrarako prestakuntza-ikastaroak iragartzen baitziren. Artistak erabaki zuen ikastaroei argazkiak ateratzea eta irudi haiek bere diseinuetan integratzea, zeinek berebat baliatzen baitzituzten tipografia dinamiko bat eta bere interes artistiko propioak erakusten zituzten elementu abstraktuak. Obra horiek ez dute iraun, baina hemen proiektatzen dira, erakusleiho komertzial baten tamainarekin, jatorrizko collageen diseinuak dokumentatzen dituzten argazkiak.