Georges Seurat: artisten artista
Deigarria da benetan, XIX. mendearen amaieratik hona, Georges Seuraten marrazkigintzak zenbat eta zenbat sortzaile erakarri dituen ikustea. Haren ekoizpenaren alderdi horrek liluratu zituen lehen artisten artean honako hauek daude: Camille Pissarro, Vincent van Gogh, Maximilien Luce, Théo van Rysselberghe, Félix Vallotton, Pierre Bonnard, Édouard Vuillard, Jacques Lipchitz. Are gehiago, horietako batzuk artista puntillistaren marrazkien jabe izan ziren, esaterako Henri Matisse, aurrena, eta baita Pablo Picasso ere, geroago. Paul Signacek, bere aldetik, Seuraten lagun mina eta haren lanaren miresle sutsua izanik, behar baino lehen hildako pintorearen geroa ziurtatu nahi izan zuen, eta hau idatzi zuen 1899an: “Seuratek kontrasteari buruzko teoria zentzudun eta emankor askoa atera zuen bere estudioetatik, eta teoria hura erabili zuen bere obra guztietan. Lehenik argilunari aplikatu zion: baliabide sinpleekin —Ingres paperaren zuria eta Conté arkatzaren beltza, trebetasunez mailakatua edo kontrastatua— laurehun bat marrazki egin zituen, margolari batek inoiz egin dituen marrazkirik ederrenak. Beren balio-zientzia perfektuari esker, esan dezakegu zuri eta beltz horiek pintura asko baino koloretsuagoak eta distiratsuagoak direla”.
Haren marrazkiek txundituta utzi zituzten abangoardiako idazle asko ere, hala nola Octave Mirbeau, Le journal d’une femme de chambre (“Neskame baten egunkaria”) eleberri iradokitzailearen sortzailea; Joris Karl Huysmans, À rebours (“Haize kontra”) eleberriko Jean des Esseintes asmatu zuena; Paul Valéry, Monsieur Teste pertsonaia buru argi eta etsiaren sortzailea; edo André Breton eta Paul Eluard surrealistak.
Errekonozimendu hori gaur egunera arte iritsi da, eta arte garaikideko artista askok adierazi dute Seuraten alderdi artistiko horrekiko sentitzen duten lilura, bai haren lanari buruzko adierazpenak eginez, bai haren marrazkien bildumak eginez. Horien artean daude Henry Moore, Ellsworth Kelly, Jasper Johns, Bridget Riley edo Daniel Buren, baita Richard Serra bera ere, zeinak biziki maite duen artista frantsesaren paper gaineko obra.