Georges Seurat
Georges Seuraten pinturak eta marrazkiak elkarrengandik aparteko munduak direla eman dezakeen arren, margolanetan agertzen duen kolorearen ezagutza sakon hori erakutsia zuen lehenago ere bere zuri-beltzeko marrazkietan. Bere marrazki gehienetan, Michallet papera aukeratu zuen Seuratek euskarri gisa: irregulartasunak izateagatik bereizten den paper mota bat da Michallet papera, eskuz egina, ehundura astunekoa eta izur ñimiñoz betea. Hori dela eta, Conté arkatza paper gainean lerratzean, emaitza desberdina da beti.
Seuratek bere ibilbide artistiko laburrean egindako ehunka marrazkiek artista frantsesak izandako eboluzioaren testigantza ematen dute, materialen berezitasunak baliatuz efektuak sortzen gailentzeraino egindako bidea erakusten dute. Hemen dugun aukeraketa honetan, esperimentazioaren alorrean egin zuen aurrerabidea eta marrazkigintzan parerik ez izateraino nola nabarmendu zen ikus dezakegu.
Seuraten eskuak eta Conté arkatzak edozer atzeman zezaketen. Bere prestakuntza-prozesuan, aurrez aurreko marrazketan eta maisu klasikoen lanak kopiatzen trebatu zen lehenik; ondoren, ingurune hurbilean jarri zuen arreta, eta eguneroko motiboak hartu zituen gaitzat. Badirudi subjektua edo objektua gutxienekoa zirela Seuratentzat; harentzat esperimentatzea zen garrantzitsuena; paperean argi-ilunak harrapatzen eta bolumen askeak sortzen saiatu zen, lerro-muga tradizionalak alde batera utzita.