Gala Knörr
Vitoria-Gasteiz, 1984
Cowboy edo unaien irudia Ipar Amerikako herri-kulturarekin lotuta dago. Jatorria publizitatean, zineman eta hedabideetan duen arketipo horrek, ordea, AEBko historiaren garrantzizko atal bat ezkutatzen du, izan ere, kolonialismotik dator, arraza, kultura eta jatorrien nahasketatik. Cowboy gaztea begira lanean, 5 minutuko iraupena duen Blue (2022) film laburretik ateratako irudiak erabiltzen ditu Gala Knörrek; dayday artista eta zinegile estatubatuar queer beltzaren film horrek —Hulu plataformako Your Attention Please (2022) telesailerako berariaz sortua— Ezekiel “Blue” Mitchell zezen-gidariari eta AEBko cowboy beltzen legatuari buruzko erretratu intimoa erakusten du. daydayren pelikulan protagonista bizkarrez ageri da aurrena, ostertzeko zelaiari so, eta ikusleei begira gero, behako serioz; keinu horixe da, hain zuzen, Knörren margolanak jasotzen duena. Internet osteko garaiko kultura herrikoiaren ikonografiaren inguruan garatu duen ikerketa-proiektuaren baitan, Knörrek aztertu, berreskuratu eta berrinterpretatu egin ditu ahanzturan geratutako figura horiek. daydayrekin batera berriki ateratako zuzenketa aberasgarrian, Knörrek onartzen du itzuru egin ziola artista estatubatuarraren filma inspirazio-iturri gisa aipatzeari, eta azpimarratu egin du daydayren ekarpen artistikoa, izan ere, azken horren lanak agerian jartzen du AEBko Mendebaldearen garapenean unai afroamerikarrek utzitako ondarea ezeztatu egin dela, eta Ipar Amerikako historiaren alderdi zehatz horrek atzean duen arrazakeriari buruzko narratiba konplexuak argitzen laguntzen du.
daydayren adierazpena
"BLUE (2022) filmak Ezekiel 'Blue' Mitchellen jatorria —rodeoetako zezen-jinete beltz profesionala eta autodidakta— eta AEBn rodeo- kirolari beltzek jasandako diskriminazioa eta ezabatze-prozesua kontatzen ditu. Filmean pintura-erretratu tradizionalen estetika erabiltzen dut historia aditzera emateko. Cowboy beltzaren irudia markoaren erdian kokatu nuen, atzera historian dagokion lekuan, alegia. Haren begiradaren bidez, Ezekielek dei egiten dio ikusleari eta aspaldi batean ahanzturan utzitako cowboy horien ordezkari bihurtzen da aldi berean.
Kameraren gelditasuna, Mitchellen begirada eta une historikoen birsortzea dira film honetan erabilitako tresnak, iraganarekin zuzeneko paralelismoak egiteko aukera ematen didatenak. Lan honen funtsezko alderdi bat Ezekielek eta bere aurreko cowboy beltzek izan zituzten bizitza osoak aintzatestea da, haiek ez direla ez ezabatu ez ahaztu berresteko.
2022ko uztailaren 8an, ostiralean, Gala Knörr artista euskaldunaren bi koadroren berri jakin nuen: Cowboy gaztea eta Cowboy gaztea begira (2022), BLUE (2022) nire filmeko irudiak baliatzen dituztenak. Koadro horien sorburua BLUE dela aitortzen ez denez, Knörrek horren aipamenik ez egiteak baztertu egiten du filmak ikusleari nahita eskatzen dion intentzio-lana, eta are gehiago iraunarazten du cowboy beltza historiatik ezabatzearen ekintza bortitza. Ikusleei Knörren Cowboy gaztea begira pinturaren testuinguru berean BLUE ikusteko aukera ematean, bi obrek elkarrizketa zabalago bati ematen diote bide beltzen istorioen eta historiaren errebindikazioari buruz".