FORMA-PRODUKZIOA ETA ESPERIMENTAZIOA
1922an Anni Albers-ek Weimar hiriko Bauhaus abangoardiako eskolan sartu zen; bertan ezagutu zuen bere senarra, Josef Albers margolaria. Anni ikasle saiatua zen eta ehule fina bilakatu zen; izan ere, 1929–1931 urte bitartean Gunta Stölzl irakaslearen laguntzailea izan zen eta ordezko lanak egin zizkion ehungintza-tailerraren zuzendari gisa behin baino gehiagotan. 1933an Nazien alderdiak erakundea itxi zuenean, Albers senar-emazteak Ipar Carolinara (AEB) joan ziren bizitzera, eta gerora modernitate estatubatuarraren eredu izango zen eskola libre bateko irakasle gisa kontratatu zituzten bertan, Black Mountain College-n hain zuzen.
Erakusketa honetan bi epealdietako lanak daude erakusgai; izan ere, Albersen sormen-pentsamendua modu erabakigarrian garatu zen garai haietan. Alde batetik, Bauhaus-eko piezen artean daude ehunak egiteko prestakuntza-marrazkiak (horietako batzuk hamarkada asko beranduago ekoitzi edo errepikatuko zituztenak, batzuk Annie hil ostean ere), bai eta ehun bakun eta funtzionalen inguruan egindako ikerketa-lanen laginak ere. Bestetik, 1940ko hamarkadan egindako lanek agerian uzten dute Black Mountain-eko arte-komunitatearen baitan esperimentatzeak eduki zuen efektu askatzailea; izan ere, bertan, aurretik landutako ideia razionalistek ezusteko intuiziozko lirikotasuna hartu zuten. Garai berean sortu zuen Albersek “ehun piktoriko” terminoa, ehungailuan eskuz egiten zituen tapizak izendatzeko. Erakusketa honek aukera ematen du maila formalean Albersen lanean gertatutako eraldaketa ikusteko: hasierako lanetan eskema ortogonalak nagusitzen baziren ere gutxinaka-gutxinaka motibo libreagoak sartuz joan zen eta testura eta koloreen arteko elkarrizketa zuzena landu zuen geroagoko lanetan, inoiz alegiazko begitazio edo paisaiak iradokitzen dituztenetan. Garai honetako hautaketa honetan 1950ko hamarkadaren hasierako lanetan garatuko zituen aurrerabideak iragartzen dituzten adibideak daude; bai eta Josef senarrarekin Latinoamerikatik egindako bidaiak dokumentatzeko prestatutako gune bat, haien bilduma pertsonalerako han erositako antzinako ehungintza adibideak barne hartzen dituena —izan ere, bidaia haietan inspirazio iturri emankorra topatu zuen Anni Albersek—.