Fauvismoa eta kubismoa: eskandalagarriki modernoak

305. ARETOA

Fauvismoa eta kubismoa izeneko abangoardia-mugimendu modernoak Parisen jaio ziren XX mendeko lehen hamarkadan. Artearen historiaren benetako mugarri bilakatu aurretik, kritikariek hitz gaiztoak erabili zituzten mugimendu haien inguruan aritzeko, Parisko arte-azoketan aurkezten ziren berrikuntzak gutxiesteko asmoz. Fauvistek pintura-adierazpide berri bat garatu zuten natural itxurarik ez zuten kolore biziak erabiliz, eta pintzel-ukitu espontaneoak baliatzen zituzten. Kubisten asmoa, aldiz, objektuak eta figurak era berean ikuspegi ezberdinetatik irudikatzea zen. Askatasun zangar hori eskandalagarri suertatu zen, goitik behera aldatzen baitzuen erretratuak, paisaiak eta natura hilak irudikatzeko modu tradizionala.

Henri Matisseren eta André Derainen lana 1905eko Parisko Udazken Azokan ikusi ostean, Louis Vauxcelles arte-kritikariak margolari horiek “fauves” (piztiak) zirela idatzi zuen, artearen arauak bortizki urratu zituztela adierazi nahian. Fauvismoak inpresionismotik eta puntillismotik hartu zuen formak koloretan desegiteko joera, eta kolore-paleta bizi-bizia erabiltzen zuen. Emozioak adierazteko baliabide formal berriak bilatu nahian, kolorearen espresio-potentziala nabarmendu zuten, eta zeharo tratamendu berritzailea eman zieten beren lanetako gaiei. Ondokoak izan ziren, besteak beste, mugimendu horretako margolariak: Derain, Robert Delaunay, Matisse, Maurice de Vlaminck eta Louis Valtat.

Kubismoa XX. mende hasieran jaio zen, garaiko margolari gazteek hainbeste miresten zuten Paul Cézanne artistaren margolanetatik abiatuta Pablo Picassok eta Georges Braquek egin zuten analisian oinarrituta. Hasieran, kritikariek gaitzetsi egin zuten aitzindari haien estiloa, margolan haiek “kuboxka” hutsez osatuta zeudelakoan. Kubismoari lotutako beste artista batzuek konposizio zatikatuak sortu zituzten, baita errealitatearen ikuspegi ezberdinak bateratuta irudikatzen zituzten eskulturak ere, eta era horretara, hankaz gora jarri zituzten Errenazimentuaz geroztik jarraitutako perspektiba-arauak. Mugimendu horretakoak izan ziren, besteren artean, Braque Albert Gleizes, Natalia Goncharova, Juan Gris, Fernand Léger, André Lhote, Jean Metzinger eta Picasso.