Erresuma kosmikoak: Errusiatik Bauhausera
307 Aretoa
1914an, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Vasily Kandinskyk Alemaniatik alde egin behar izan zuen, bere errusiar nazionalitatea zela-eta. Azkenik, bere jaioterrian finkatu zen, Moskun, non, forma geometrikoa baliatuz, bertako abangoardiako artistak hizkera estetiko unibertsal bat formulatu nahian ari baitziren. Gabriele Münterrekin eta lankide alemaniar batzuekiko zuen harreman emankorra eten ondoren, bere garaikide errusiarren esperimentuak aztertu zituen Kandinskyk. Hala ere, haien ikuspegi hotz eta objektiboa eta ekoizpenari ematen zioten garrantzia ez zetozen bat Kandinskyk artean bilatzen zuen espiritualtasunarekin.
Kandinsky Alemaniara itzuli zen Nina emaztearekin eta 1922an eskolak ematen hasi zen Bauhausean, zeina Walter Gropius arkitektoak sortutako eta estatuak diruz lagundutako arte eta diseinu aplikatuko eskola baitzen. Bertan, ingurune egokia aurkitu zuen arteak gizakia eta gizartea eralda ditzakeela zuen ustea sendotzeko. Koloreari, formari eta haiei dagozkien ondorio psikologiko eta espiritualei buruzko ikerketekin jarraitu zuen. Forma geometrikoak hasi ziren orduan nagusitzen Kandinskyren plano gainjarrien hizkera piktorikoan; aldaketa hori, neurri batean, Errusian aurkitu zuen artearen eraginaren ondoriozkoa izan zen. Hala ere, Kandinsky gero eta gehiago aldendu zen konstruktibisten arte “mekanizistatzat” jotzen zuenetik eta suprematistek —Kazimir Malevich-ek, adibidez— arte “purua” deitzen zuten horretatik, eta aldarrikatu zuen formarik abstraktuenek ere eduki adierazkorra eta emozionala gordetzen zutela. Kandinskyren iritzian, triangeluak ekintza eta agresibitatea sinbolizatzen zituen; karratuak, bakea eta lasaitasuna; eta zirkuluak, mundu kosmikoaren eta espiritualaren eremua.
Garai hartan, Kandinskyren lanak Solomon R. Guggenheim bildumagilearen arreta erakarri zuen, eta hala, Irene bere emaztearekin eta Hilla Rebay bere aholkulari artistikoarekin batera, Guggenheimek bisita bat egin zion 1930ean Kandinskyri honek Dessauko Bauhausean zeukan tailerrean, eta Konposizioa 8 (1923) erosi zion, besteak beste. Kandinskyk 1933ra arte eman zituen eskolak Bauhausean, urte hartan eskola itxi baitzuten, Gobernu naziak eragindako presioen ondorioz.