OREKA

"Erdi-mailako klaseko haur zuriek artea erabiltzen dute, beste talde etniko batzuek sozialki hobetzeko saskibaloia erabili duten bezala. Adibidez, begira saskibaloiko izar horietako bat, 'Dr. Dunkenstein' [Darrell Griffith] edo 'Defentsa idazkaria' [Dudley Bradley], eta ondoren, begiratu niri edo Baselitz-eri, edo beste edonori".

Galeria batean egin zuen bere lehen bakarkako erakusketan, 1985ean, norberaren eta gizartearen orekaren gaia jorratzen zuten lan batzuk aurkeztu zituen Jeff Koonsek. Serie horretarako biziraupenarekin lotutako elementuak baliatu zituen, besteak beste, salbamendu-txalupa eta urpekari-jaka eta -hodia; objektu horiek brontzezko hainbat eskulturatan irudikatu zituen. Brontzezkoak direnez, objektuek hilezkorrak dirudite, airez eta bizitzaz beteak. Hala ere, eskulturak egiteko erabilitako material astunak flotatzeko funtzioa betetzea eragozten diete. Hortaz, bizitzaren eta heriotzaren arteko oreka lortu ezin duten elementu hilgarri bihurtzen dira. Oreka lortzeko, halaber, ur-andel batzuen barruan saskibaloiko baloi batzuk ipini zituen, flota zezaten. Tenperatura-aldaketek edo bibrazioek oreka hori alda dezakete. Lan horiek egiteko, Richard P. Feynman Fisikako Nobel saridunarekin jarri zen harremanetan. Lan horien eta betirako eduki ezin den bizitzaren orekaren arteko paralelismoa dago. Koonsek antzeko mezua helarazi nahi izan zuen Nike markak egindako poster batzuen bidez. Poster horietan kiroleko izar batzuk —gehienak saskibaloi jokalariak— ikus daitezke, arrakastaren, hobekuntzaren eta oreka sozialaren adibide moduan.