KUBISMOA ETA ABANGOARDIA

Kubismoa XX. mendearen lehen hamarkadetan Parisen sortutako arte-berrikuntza garrantzitsuenetako bat da. Pinturari heltzeko modu iraultzaile horrek —Pablo Picassok eta Georges Braquek 1907. eta 1914. urteen artean garatu zutena— arte plastikoen arauak eta irudikapenaren zerizana bera zalantzan jarri zituen. Kubismo terminoa Guillaume Apollinaire poeta eta kritikoak sortu zuela esan ohi da; honela deskribatu zuen: “osotasun berriak irudikatzen dituen artea da, ez ikusmenaren, baizik eta jakintzaren errealitatetik hartutako elementuez baliatuz”.

Picassok eta Braquek artelan kubistak galeria eta areto pribatutan erakusten zituztenez, Parisko herritarrek mugimendua Albert Gleizes, Jean Metzinger, Robert Delaunay eta Puteaux deitutako taldeko beste margolari batzuen lanen bitartez ezagutu zuten. Taldeari Puteaux izena jarri zioten artista horietako asko Parisko aldiri horretan lan egiten zutelako. Euren mihise kubistek 1911ko Salon des Indépendants-era bertaratutako batzuei jakin-mina eta beste batzuei asaldura eragin zieten. Salon des Indépendants urtero egiten zen erakusketa zen, eta bertan ekitaldi akademiko tradizionalenetatik baztertutako arte abangoardista ikus zitekeen. Erakusketak oro har eragindako kritiken ondoren, Gleizesek eta Metzingerrek mugimendua jendaurrean defendatu zuten, estetika kubista zientziako, matematikako eta filosofiako berrikuntza modernoekin lotzen zuen liburu baten bidez.

Pablo Picasso oraindik Bartzelonan bizi zen 1900eko Erakusketa Unibertsalak ekarrita Parisera lehen aldiz joan zenean. Bi hilabeteko egonaldi horretan arte-galerietan, Montmartre-ko dantza-aretotan, gaueko klubetan eta kafetegi bohemiotan murgildu zen. Le Moulin de la Galette koadroa Parisen egindako lehenengoa da, eta, horretan ikus daitekeenez, bezero burgesek eta prostitutek besotik helduta ibiltzen ziren dantza-areto ezagun horren dekadentzia lizunarekiko eta xarma zakarrarekiko lilura zuen. Picassok oraindik ez zeukan estilo bereizgarririk, baina, hala ere, artelan harrigarria da, artistak 19 urte bete berri baitzituen. Picassok aisiarako ikuskizunaren inguruan ikusmina duen ikusle adeitsu baten jarrera hartu zuen, eta ikuskizun horren erakargarritasun probokatzailea eta artifizialtasuna iradokitzen dizkigu. Oso kolore sutsuak baliatuz —ordura arte erabilitakoak baino distiratsuagoak—, irudi lauso eta zorabiagarri gisa jaso zuen eszena zoragarri hori, espresiorik gabeko aurpegia duten eta modara janzten diren figurez osatutakoa.

Georges Braquek paleta fauvista distiratsua eta perspektiba tradizionala alde batera utzi zituen 1908an eta alde askotako forma sinpleagoak, plano espazial lauak eta kolore hitsak erabiltzen hasi zen; horiek gerora Kubismo Analitikoaren bereizgarri izango ziren. Ezaugarri horiek nabariak dira Pianoa eta mandora (Piano et mandore) mihisean: forma eta espazioa “banatu” edo “analizatu” zituen, estiloaren izenak adierazten duenez. Objektuak oraindik bereiz daitezke, baina zati eta alde askotan banatuta daude, haiekin bat egiten duen inguruko espazioa bezala. Konposizioa mugimendu bihurtzen da ikuslearen begiak dimentsio bakarreko plano batetik hurrengora igarotzen direnean, formak bereizten eta argi-iturri eta orientazio aldakorrak ordenatzen saiatzen denean. Kandela, modu naturalistan irudikatutakoa, egonkortasun-mugarri bat da zatikatutako eta kristal itxurako forma batzuez osatutako konposizio bizi honetan: ia guztiz deseginda dauden partiturak eta gorputz gabeko piano baten tekla zuri eta beltzak agertzen dira.

Georges Braqueren obraren garai bertsukoa da Pablo Picassoren Botilak eta edalontziak (Bouteilles et verres) eta antzeko estilo eta konposizioa du; koadroak Kubismo Analitikoaren garapenaren unea islatzen du, abstrakzio maila handiaren ondorioz koadroaren objektuak ia bereizi ezin direnekoa. Picassok natura hilaren objektu bakoitzaren hainbat ikuspegi jaso zituen, haien inguruan mugitu izan balitz bezala, eta irudi konposatu bakarrean laburbildu zituen. Irudia zatikatzeak, irakurketa figuratiboa ordez, abstraktua sustatzen du. Botilen eta edalontzien irudizko bolumenak lerro, plano, argi eta koloreen antolakuntza ez objektibotan desegiten dira. Zehaztu gabeko eta sakonera gutxiko espazio batean hainbat forma ari dira flotatzen eta haien plano eta alde nahasiak pintzelkada argitsu eta ilunen bidez definitu eta itzaleztatzen dira. Garai horretan Picassoren eta Braqueren lanen berezko soiltasun kromatikoa landutako gaien izaera intelektualari dagokio.

Marcel Duchamp-ek asto gaineko pinturaren, konposizio formalaren, egitura narratiboaren eta gai bakar bat inspirazio-iturri izateko ohiturak gordetzen jarraitzen zuen 1911n. Ikasten eman zituen urteetan Puteaux talde gisa ezagutzen zen zirkulu artistikoan hartu zuen parte. 1910. urtetik aurrera, talde hau Raymond Duchamp-Villon eta Jacques Villon-en etxean, Marcel Duchampen anaia zaharragoen eta artisten etxean, biltzen zen. Denbora horretan Duchampek hainbat estilo moderno landu zituen, 1913an margotzeari erabat utzi zion arte. Horren ordez, optikoari baino alderdi intelektualari garrantzi handiagoa ematen zion artearen alde egin zuen. Mendebaldeko artearen garapena erabat aldatu zuen bihurtze horren aurretik, Duchampek, askotan, senideak pintatu zituen. Arreba gaztearen inguruan (À propos de jeune soeur) lanean Magdeleine ikus daiteke, Duchampen 13 urteko arreba gaztea. Eserita dago, liburu bat irakurtzen, piztuta dagoen kandela baten alboan; xehetasun gutxiz irudikatutako gorputz-adarrek eta bizkarrezur okerrak “s” bihurri bat osatzen dute, zehaztasun askorik gabe pintatuta dagoen inguruan islatzen dena. Kolore leun eta argiak mihisearen ehundurak berak nabarmentzen ditu eta formen angelutasunak mugimendu kubistaren ezagutza iradokitzen du. Familiak Rouen-en zuen etxean pintatu zuen Duchampek eta hasierako artelanetan egindakoari jarraitzen dio; horietan, Cézanne-ren, Fauvismoaren eta Sinbolismoaren eragin argia ikus daiteke.

Albert Gleizes 1901. eta 1905. urteen artean, Frantziako armadan zegoenean, ekin zion pinturari; geroago ere, Lehen Mundu Gerran, errekrutatu zuten eta ez zion margotzeari utzi. Mediku militar baten erretratua (Portrait d'un médecin militaire) koadroko modeloa Lambert doktorea da, Gleizesen erregimentura atxikitako zirujaua. Erretratuan doktorearen identitatea eta lanbidea antzeman ezin badira ere, plano koloretsuak, eremu zirkularrak eta elkarren artean gurutzatutako diagonalak arretaz antolatuta daude irudi bat marrazteko. Medikuaren ezaugarri zehatz batzuk ere, hala nola, arropa zuria eta bibote iluna, nabarmentzen dira. Ezagutzen diren erretratu honen zortzi zirriborroak Solomon R. Guggenheim Museum-en bilduman daude eta, oro har, amaierako konposaketa konplexuraino Gleizesek izandako pixkanakako bilakaera erakusten dute. Azken erretratua medikuaren irudikapen duina da; honetan, Gleizesek abstrakzio kubistarekiko zuen gero eta interes handiagoa ikus daiteke.

Juan Gris jaioterri Madrildik Parisera joan zen bizitzea 1906an, Pablo Picasso bizi zen eraikin berberera. Etxeak Parisen (Maisons à Paris) lanean —Grisek 1911n Montmartre auzoaren inguruan margotu zituen sei mihisetako bat—, artistak Picasso eta Georges Braquerengandik ikasitako baliabideekin esperimentatu zuen, baina bere sentsibilitate eta kolore-paleta propioak erabili zituen. Oso espazio arkitektoniko lautuak sortzen eta itzalen eta argien arteko igarotze nabariak ondo berezita irudikatzen zituenez, Grisek hiri-paisaiak egiteko teknika modernoa erabiltzen zuen —Robert Delaunay-k eta Fernand Léger-ek euren pinturetan egiten zuten moduan—; horrez gain, formak ondoz ondo jartzeko, tonu-kontraste indartsuak egiteko eta gainazalari erritmo bisual globala emateko aldizkari batean ilustratzaile gisa ikasitakoaz baliatzen zen.

Rober Delaunayk bere estudiotik hurbil zegoen Parisko Saint-Séverin eliza gotikoko girolaren bista aukeratu zuen bere pintura monumentalen lehen serierako (1909–1910) gai bezala. Artistak esan zuenez, Saint-Séverineko koadroek “[Paul] Cézanne-ren estilotik Kubismora iragaiteko aldi”koak dira: Cézanneren argi aldakorren kontzentrazioa eta haustura eta Georges Braqueren hasierako paisaia kubistak gogoratzen dizkigute neurri berean. Saint-Séverin 3. zk. (Saint‑Séverin No. 3) Delaunayren serieko hitsena da: beixa, urdin iluna eta berdea baino ez dira erabili konposizioan, beirateetatik sartzen diren argi-modulazioak aditzera emateko. Korridorearen barrualdera okertzen diren pilareen mugimendu eliptikoak efektu oker eta ezegonkor kezkagarria ematen dio koadroari. Delaunayrentzako Saint-Séverin 3. zk. serie osoko pintura adierazgarriena zen.