Kubismo Sintetikoa
Itsatsitako paperak egiten zituen bitartean, baita ostean, Braquek itsatsitako paperekin ikasitakoa sartu zuen bere lanetan eta Kubismoari forma ulergarriagoa eman zion; “sintetiko” gisa ezagutzen da kubismoaren garai hori. Plano luzatuez osatutako lauki-sare oktogonalarekin jarraitu zuen, baina itsatsitako paperak gogora ekartzen zituzten kolore uniformeak, trinkoak edo landuak erabili zituen, zenbait kasutan egurra imitatzen zituztenak. Picassok eta Braquek, halaber, material hareatsuak, bihurguneak eta xehetasun figuratiboak erabili zituzten garai hartan, Lehen Mundu Gerraren garaian. Gatazkak inflexio-puntu bat adierazi zuen Braqueren lanean. Braque hiltzat eman zuten 1915ean Neuville-Saint-Vaast-en eta, gaixondo luzearen ondoren, 1917ra arte ez zion berriz ere margotzeari heldu. Gerrak bere inguruan ere izan zituen ondorioak: Kahnweiler arte-merkatariak (alemaniarra jatorriz) Suitzara ihes egin behar izan zuen eta, beraz, ordutik aurrera, Léonce Rosenberg izan zen bere arte-merkataria. 1917an, haren lagun Picassok Europan zeharreko bidaia hasi zuen Ballet Errusiarrekin.