CRISTINA IGLESIAS

Titulurik gabea (Sareta II)

Cristina Iglesias 1990eko hamarkadan nazioartean ospea hartu zuen Espainiako eskultoreen belaunaldi baten kide da, eta fisikoaren eta ikusizkoaren arteko kolokako oreka artikulatzen duen egitura handi minimalistak sortzen ditu. Lanek ezaugarri dituzte zimenduz, burdinaz edo aluminioz egindako forma itzelak eta zizelkatze korapilatsuko gainazalak (sarritan aberastasun handiko argizagiz eta patinaz estaliak) eta material dotoreak (adibidez, kristala, alabastroa eta tapizak). Forma eta espazioa naturan agertzen diren moduak kezkatzen du Iglesias, eta eskultura-paisaia txikiak sortzen ditu. Eskultura exentuak, zakarki zizelkatu baina arreta handiz moldatzen ditu eta, gehienetan, giza eskalan egiten ditu handi samarrak diren arren; askotariko konposizioa daukaten arkitektura-arloko luzapenek, berriz, elkarrizketa bat sortzen dute inguruko espazioarekin, eta ikuslea horien inguruan mugitzera gonbidatzen dute. Iglesiasek honela deskribatu du bere lana: "pentsamenduak, norberak ikusteko abiapuntu dituen tokiak, errealitatearen eta irudiaren, presentziaren eta errepresentazioaren arteko nonbait diren, beste espazioez hitz egiten duten espazioak".

Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II)] lana, Iglesiasek bere kultura-ondaretik ateratako forma bat erabiltzen du, eliza katolikoetako aitorlekuetan ikusten ziren zursareen antzeko bat. Nancy Princenthalek adierazi zuenez, gaztelaniazko tituluari, jatorrizkoari, begiratzen badiogu ohartuko gara "celosía" hitzak sareta esanguraz gain, jelosia ere esan nahi duela; beharbada sentimendu hori, hau da, jeloskor egotea bekatu dela iradoki nahi zuen Iglesiasek. Zursareen funtzioa argi-sarrera iragaztea denez, tituluak horrelako egoera irrazional batek pertsona astintzen duenean izaten duen pertzepzio mugatua ematen du aditzera. Barnetik iragazitako ikuspegi bat soilik uzten duenez, Iglesiasen ganbera hori zipo egiten duen hesia eta, aldi berean, babes-egitura da. Beste lan askotan bezala, ikuslea bere buruari barnetik gauzak nola ikusten diren galdetzera zirikatzen du.