BIHOTZ INDEPENDENTE GORRIA (CORAÇÃO INDEPENDENTE VERMELHO)
Bihotz independente gorria lanak “Vianako bihotz” erraldoia irudikatzen du, alegia, Portugaleko filigranaren pieza ikonikoa; bihotz hau, ordea, gorri koloreko plastikozko mahai-tresnaz soilik osaturik dago. Ardatz batetik zintzilikatuta, piezaren errotazio mugimenduek bizitzaren zikloak eta etengabeko itzulera gogora ekartzen dituzte, esanahi sakona duen hiru fadoren soinuaz lagunduta, XX. mendeko bigarren erdian Portugaleko musikaren izarra izandako Amália Rodrigues-en ahotsarekin: Estranha forma de vida [Bizimodu bitxia], Gaivota [Kaioa] eta Maldição [Madarikazioa]. Lanaren izenburua, hain zuzen ere,lehenengo fadoaren bertsoetako batetik hartua da, Alfredo Duartek (Marceneiro) eta Amália Rodriguesek konposatu zutelarik. Abestiaren letrak emozioaren eta arrazoiaren arteko gatazkaz hitz egiten du. Artelan hau urregintzako pieza eder batean inspiratuta dago; plastikozko mahai-tresnen erabilera bikoiztearen eraginez, jatorrizko itxura abstraktu bilakatzea lortzen du, jatorrizko erreferenteak eskema sozial eta artistiko berriek eraldatuta azaleratzeko, eta modu horretan, erakusgai jartzen du luxua eta hutsalkeriaren artean, herri kultura eta goi mailako kulturaren artean ezarritako mugen artifizialtasuna. Bihotz independente gorria soinu eta mugimenduko instalazio indartsu eta hunkigarri bezala aurkeztu da, eta maitasunari eskainia dago, alegia, fadoen letrek behin eta berriro errepikatzen duten gaietako bati.