Biluzia eta sexualitatea
“Baina gorputz osoarekin gertatzen dira gauza arraroak: haragia hezurretatik askatzen da… Beti izan ditut oin itsusiak: nire behatz lodia oratzailea da eta bada hanka bat, hanka gisa, izugarri itsusia dena, baina, artelan gisa, zoragarria”
Alice Neel: Susan Stamberg, NPR Morning Edition, 2001
Bere artean, sexuari eta bere sexualitateari askatasunez eta zintzotasunez heldu izana da Alice Neelen lorpen handienetako bat. Sexualitate hori, kutsu sentimentalik gabea, naturaltasun finez islatuta ageri da hemen beha daitezkeen akuareletan. Aipatzekoa da akuarelok ez zirela erakusgai jarri 1970eko hamarkadara arte, emakumeen sexualitatea jendaurrean adierazteko mugak baretzen hasi ziren arte, alegia.
Kontuan hartuta biluzia artearen historian gehien landu izan den generoetako bat dela eta genero horretan emakumearen rola objektu erotiko soil izatera mugatu dela ia beti, erronka berezia zen Alice Neelentzat; hala, gaia bere egin eta azpikoz gora jarri zuen ausardiaz. Neelen koadroetan modu zuzenean eta zintzotasun osoz ageri da beti gorputz biluzia, baita emakume haurdunen kasuan ere; Neelek arreta berezia eskaini zien azken horiei, modu iraultzailean egin ere, gisa horretako irudiak saihesten zituen kultura bisuala nagusi zen garai batean.