Bidon l'Esbroufe
L’Hourloupe sailaren estilo bereziaren bidez, Dubuffetek lexiko berri bat garatu zuen, aukera ematen ziona “fantasian, unibertso paralelo fantasmagoriko batean” buru-belarri sartzeko. Denborarekin, unibertso hura hiru dimentsioko espaziora hedatzen hasi zen, Dubuffetek eskulturak ere egin baitzituen elkarri lotutako gelaxken sistema hura erabilita. Lan askotan, itxura misteriotsua duten pertsonaia asmatuak agertzen dira. Beste hizkuntza batzuetara itzultzen ia ezinezkoa den Bidon l’Esbroufe izenburuak faltsukeria eta nahikeria iradokitzen ditu. Logogrifo keinuduna lanean, berriz, nahiko bitxia gertatzen da artistak forma fisikoaz gain aurpegia eta jarrera eszeptikoa ere eman izana logogrifo bati. Logogrifoak igarkizun zail samarrak dira, sarritan bertso forman idatziak.