Halakoa da bizitza

208. ARETOA

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara (Life is a Body We are Part of−A vida é um corpo do qual fazemos parte, 2012) Tokioko Espace Louis Vuitton Tokyo-eko Madness Is Part of Life erakusketarako egin zen 2012an. Kolore anitzeko eskultura erraldoia da, sabaitik zintzilik dago eta kakorratz-lan bat da, eskuz egindakoa. Lan honek artistaren bizitzaren ikuskera sinbolizatzen du, hots, pertsonen eta naturaren arteko bereizketarik ez dagoela. Bi atal ditu: maskulinoa bata —korridore esekia— eta femeninoa bestea —goialdeko plataforma—. Ernalketaz dihardu, espermatozoidea obuluan barneratzen den uneaz, bizitzaren hasieraz.

Josturarik gabeko oihalak lotzeko, kakorratz-lanen teknika erabiltzen hasi zen 1994an. Ordutik eskuzko teknika horretaz baliatzen da zelula biribilak egiteko; zelulak pareta bihurtzen ditu eta barrua plastikozko bolaz betetzen du. Netok gogoko ditu emakumearekin lotu ohi diren materialak eta jardunak. Honakoa azaldu du artistak: “Gizonaren eta emakumearen arteko batasunaren ideia dut gogoko; bai moralaren aldetik bai psikotopologiaren aldetik. Emea eta arra negatiboa eta positiboa baino ez dira. Eskultura baten hustura modukoa da: eredua eta moldea dugu. Anbiguotasun hori dut gogoko”.

Netok esan duenez, urtetan nahi izan du espazioa gurutzatu, zorutik gorago ibili eta airean gora egin eta flotatu; hori egitea ahalbidetuko lukeen marra bat egin nahi du. Bizitza gorputz bat da: haren zati gara lanaren bidez, bisitariak nolabaiteko bertigo sentipena izatea du xede Netok; orekari buruz gogoeta egitera bultzatzen gaitu, sarritan ziurtzat ematen dugun oreka horri buruz, eta, halaber, “mugitzeko, desiratzeko eta beldurtzeko modua” birplanteatzeko gonbitea egiten digu.

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara obra gehienez zortzi pertsonak ikus dezakete aldi bakoitzean. Horretarako, zapatak erantzi eta poltsak eta gainerako gauzak albo batean utzi behar dituzu, entzuteko gida barne, piezaren ehunean katigatu daitezkeelako. Gero zure txanda itxaron behar duzu. Obra hau ahalik eta bisitari kopuru handienak ikus dezan, eskertuko genizuke gehienez ere 15 minutuz egotea areto barruan. Irteterakoan, hustu ezazu armairua guztiz, beste pertsona batek erabili ahal izateko.

Marrazteko gunea(Lugar Desenho, 2002) obrarekin ere elkarrekintzan aritzeko aukera duzu; kasu honetan, asteartetik igandera, ordu jakin batzuetan izango dira jarduerak. Hurbil zaitez Museoko orientatzaileengana eta haiek emango dizute behar duzun informazioa.